Euskal Herriko sokatira txapelketa mistoa ere irabazi du Beti Gaztek igandean Ezkabarten

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 17a, 08:41
Beti Gazteko sokatira talde mistoa nagusitu da Euskal Herriko txapelketan.

Bezperan, gizonezkoak bigarren izan ziren 560 kiloko txapelketan eta emakumeak hirugarren 500 kilokoan

 

Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketa bukatu da asteburu honetan, larunbatean Berriozarren eta igandean Ezkabarten jokatutako azken saioekin. Igandean, txapelketa mistoa irabazi zuen Beti Gaztek. Beti Gazteko zortzikoan Karmelo Mitxelena, Aitziber Goienetxe, Oskar Telletxea igantziarra, Ane Gurrutxaga, Udane Arbelaitz oiartzuarra, Ezpeletako Guy Larralde, Arritxu Muxika eta Gerardo Telletxea aritu ziren, Joxe Angel Mitxelena eta Paxkual Taberna erakusle zituztela. Txantrea bigarren izan zen eta Ibarra hirugarren. Berriozar, Gaztedi A, Antsoain eta Bizindar sailkatu ziren ondotik eta Gaztedi B deskalifikatu egin zuten.

 

Beti Gazteko talde mistoa txapeldun, eskuak goiti.

Baina bezperako jardunaldia ez zen nahi bezain borobila atera Beti Gazterentzat Berriozarren. Gizonezkoak pisu arinenean aritu ziren, 680, 640 eta 600 kiloko txapelak jantzi ondotik, 560 kilokoa ere janzteko helburuarekin, baina amore eman behar izan zuten Ibarraren kontra. Azkenean bigarren izan ziren lesakarrak, gipuzkoarren ondotik eta Gaztedi bizkaitarrek osatu zuten podiuma. Berriozar laugarren izan zen eta bertan tiratu zuen Ander Mitxelena, 15 urteko gazte lesakarrak bere aitaren kontra; Murueta bosgarren eta Txantrea seigarren sailkatu ziren.

Gizonezkoen 560 kiloko podioan, Ibarra txapeldun, Beti Gazte bigarren eta Gaztedi hirugarren.

Beti Gazteko neskak ere, 540koa irabazi ondotik, 500 kiloko txapela ere eskuratzeko itxaropenez aritu ziren Berriozarren. Txapelketa aski borrokatua izan da kategoria honetakoa. Lehen jardunaldian Badaiotz nagusitu zen, Txantrea eta Beti Gazteren aitzinetik; bigarrenean lesakarrak izan ziren indartsuenak, gasteiztarren eta txantrearren aitzinetik eta larunbatean, Txantrea izan zen garaile, Beti Gazte eta Badaiotzen aitzinetik. Honela, hamabosna puntutan berdinduak gelditu ziren hiru taldeak eta kitarakoak jokatu behar izan zituzten. Azkenean, Badaiotz izan zen txapeldun, Txantrea bigarren eta Beti Gazte hirugarren. Laugarren Gaztedi izan zen, bosgarren Ibarra eta seigarren Antsoain.

Emakumeen 500 kiloko podioan, Antsoain txapeldun, Txantrea bigarren eta Beti Gazte hirugarren.

Halere, ez du nolanahiko Euskal Herriko txapelketa osatu Beti Gaztek, jokoan zeuden zazpi txapeletatik bortz lortu baititu (gizonezkoen 680, 640 eta 600 kilokoak, emakumeen 540 kilokoa eta txapelketa misto), bigarren izan da gizonezkoen 560 kilokoan eta hirugarren emakumeen 500 kilokoan. Kategoria guztietan podioan izan da, beraz.

Euskal Herriko txapelketan, zazpi txapeletatik bortz lortu ditu Beti Gaztek.

 

Munduko txapelketara bihar

Otsailaren 20tik 23ra Irlandako Donegal konterriko Lettekenny hirian jokatuko den Munduko txapelketan parte hartzekoa da Beti Gazte. 28 tiralari abiatuko dira asteartean eta ortzegunean eta ortziralean klub artekoan lehiatuko dira eta larunbat eta igandetan nazioartekoan, hor ere Euskal Herria (Basque Country) ordezkatzeko eskubidea izanen baitute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun