Ortzegun gizeneko eskearekin eta antzerkiarekin hasiko dituzte inauteriak Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 18a, 12:00
Landagain eskolako haurrek izanen dute inauteriei hasiera emateko ardura.

Ortzegunean zingar-arraultze eskearekin hasiko dituzte inauteriak Etxalarren. Igandean, lagunartean bildu eta kontu zaharrak eta berriak astinduko dituzte, kinto bestak ospatuko dituzte-eta. Astelehenean gazteek eskea eginen dute baserrietan eta inauteriak borobiltzeko asteartean mozorro eta gurdien txanda izanen da.

Otsailak 20, ortzeguna
Goizean haurrak eskean ibiliko dira, etxez etxe. 14:30ean Landagain eskolako ikasleak plazatik abiatu eta herrian barna antzerki eta dantza saioak eskainiko dituzte. Ondotik merienda izanen da herritar guztientzat eta musikariek alaituta. 

Otsailak 23, igandea
Zaldun inaute egunean kinto bestak ospatuko dituzte.

Otsailak 24, astelehena
08:00etan herriko gazteak La Basque ostatuan bilduko dira gosaltzeko eta ondotik, egun osoan, eskean ibiliko dira goiko eta beheko auzoetan.  

Otsailak 25, asteartea
12:00etan herriari itzulia emanen diete mozorro eta karrozekin. Eguerdian, bazkaria izanen dute Herriko Ostatuan. Bazkalondoa girotzeko ekitaldiren bat ere izanen dute eta iluntzean musika. Jubilatuen elkartekoek bazkaria izanen dute Larraburuan.   

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun