«Ttikiak ginenean karroza gehiago izaten ziren eta horren falta sumatzen dut»

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 18a, 13:00
Leire Iribarren Indaburu.

Leire IRIBARREN INDABURU
Etxalarko musikari gaztea

Trikitixa eta panderoa bidelagun ditu Leirek bizitzan. Lauzpabost urterekin hasi zen panderoa ikasten eta zazpirekin trikitixa, «nahiz eta instrumentua ni baino handiago izan». Gurasoei ikusi eta ahizparen pausoei segika hasi zuen bidea. Orain musikak, «lagunarteko giroan gozatzeko aukera» ematen dio.

Erlaitz musika taldeko kidea da, «Olaia eta Uxue Iturria eta Martxel Larrazarekin batera». Sona izan du pasa den urteko udan kaleratu zuten Mundua aldatu abestiak. Urtebete lehenago sortu zuten pieza, «2018an Euskal Herriko trikitixa elkarteak antolatzen duen maketa leihaketaketan parte hartzeko» eta 2019ko udan argitaratu zuten. Nabari zaio gustura ibili zela saltsan eta emaitza elkarlanaren fruitua izan zela azpimarratu nahi izan du: «lehenengo erritmo bat aukeratu genuen. Gero, bakoitzak zati batzuk asmatu genituen eta bukatzeko, gure irakaslea den Itsaso Elizagoienekin zatiak elkartu genituen».
Anitzetan izan ez bada ere, zuzenean eskaini dute abestia: «talde bezala herrian soilik jo dugu, bestetako trikitilarien emanaldian, inauterietan…» baina badute etorkizunean, pixkanaka, agenda betetzen joateko asmoa.

Astelehenean baserriz baserri
Momentuz, astelehenean inauterietan astinduko du berriz ere infernuko hauspoa: «Inaute inaute egunean, gazteak baserriz baserri ibiltzen gara eskean trikitixarekin giroa animatuz». Bidean bromak, dantzak, barreak... eta «rantxera edo kalejirarik ez da faltako».

«Inaute inaute egunean  trikitixarekin giroa animatuz ibiltzen gara eta rantxera edo kalejirarik ez da faltako»

Astelehenekoa Etxalarko inauterien «bereizgarria» dela erran digun arren, bertze egunetan ere badute disfrutatzeko aukera: «ortzegunean hasten dira inauteriak, goizean haurrak eskean ibiltzen dira eta arratsaldean antzerkiak egiten dituzte». Igandean kinto bazkarien txanda izaten da eta aurtengoa berezia izanen da Leirerentzat: «hemezortzi urte betetzen ditugun urtean hasten gara bazkariak egiten, beraz, aurten nire lehenbiziko aldia izanen da». Gogotsu dago, baina gordeko ditu indarrak biharamunerako: «astelehenean inaute inaute ibiltzeko».

Inauteriak borobiltzeko
Baserritar jantzia soinetik kendu eta mozorroa jantzita borobilduko ditu Leirek inauteriak: «asteartea karrozen eguna izaten da. Goizean desfilea egiten da, gero bakoitzak bere kuadrilarekin bazkaria egiten du eta arratsaldean besta pixka bat». Proposamena ere luzatu du: «polita litzateke karroza gehiago ateratzea. Gogoan dut ttikiak ginenean karroza gehiago izaten zirela eta horren falta sumatzen dut.Ikusgarria izaten zen».
Milaka ideia buruan baina mozorroa oraindik falta dutela ere aitortu digu: «nahiz eta ideak pentsatzen goiz xamar hasi, azkenean azkeneko momentuan aukeratzen dugu gaia». Etxeko arropekin egiten saiatzen omen dira, «baina beti zerbait erosi behar izaten da». Orain arte jantzi izan dituen mozorroen artean ere badu kuttunena: «Sevillarrez jantzi ginenekoa dut bereziki gogoan. Zortzi urte izanen nituen. Flamenkoa dantzatzen ere saiatu ginen». Jantzi nahiko lukeen mozorroaz galdetuta, berriz, Mamma Mia musikala aipatu digu. Dantzari sena ateratzen zaiola dirudi, mozorroa janzten duenean.
Tritikitixa eta panderoarekin hasi eta kriskitinak eta 70eko hamarkadako musika aipatuz bukatu dugu elkarrizketa. Ez dakigu musika izanen den mundua aldatzeko giltza; argi dago Leirek ez duela ulertzen musikarik gabe bizitza.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun