Arantzako inauteriak otsailaren 6tik 8ra ospatuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 5a, 06:30
Mozorro zuriek eta eskolako neska-mutikoek hasiera emanen diete inauteriei ortzegun goizean.

Ortzegunean Mozorro Zuriak baserriz baserri ibiliko dira, ortziralean herrian etxez etxe eta larunbatean herri kirol saioa izanen dute

Ohikoa denez, Arantzan inauterien data ofizialei aurre hartu eta asteburu honetan ospatuko dituzte mozorroen bestak. Ortzegunean hasiko dira Mozorro Zuriak lanean eta baserriz baserriko eskean. Ortziralean ere halaxe ibiliko dira, baita gaztetxoak ere, eta bertso afaria eta emakumeen afaria ere izanen dira. Larunbatean herri-kirol saioa izanen dute.

Otsailak 6, ortzeguna

09:00etan Mozorro Zurien gosaria Primi ostatuan. Ondotik eskolako neska-mutikoei bisita eginen diete bizkarrekoak edo puxka-puxkak paratzeko. Segidan bi taldetan banatuta Mozorro Zuriak lau baserri auzoetara joanen dira Beñat eta Andoni Mitxelena akordeoilariekin. Egun osoan baserriz-baserri eskean ibiliko dira. Arratsaldean eskolan inauterietako besta izanen dute. Gauean Mozorro Zurien afaria Primi ostatuan.

 

Otsailak 7, ortziralea

Goizean Mozorro Zurien gosaria Primi ostatuan. Ondotik herrian barna eskean etxez-etxe musikariekin. Eguerdian Mozorro Zurien bazkaria Burlada jatetxean. Egun osoan eskolako neska-mutikoak baserriz-baserri puxka-puxka ibiliko dira. 21:00etan emakumeen afaria izanen dute Pabloenean eta bertso-afaria Aterpean Jexux Mari Irazu eta Miren Amuriza bertsolariekin. Afalondoan dantzaldia gorapean Beñat eta Fernandorekin.

 

Otsailak 8, larunbata

Eguerdian Mozorro Zurien bazkaria Pabloenea jatetxean. 17:00etan, haur, gazte eta heldu mozorrotuen kalejira eta bukatzean txokolate-jatea. Ondotik, herri-kirol saioa izanen dute eta mozorro zuriek saldutako boletoen zozketa eginen dute frontoian. Aizkoran, Iker Vicente eta Ruben Saralegi lehengusuak, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Mikel Larrañagaren kontra ariko dira. Gauean Mozorro Zurien afaria Ekaitza Elkartean. Gauerditik aitzinera dantzaldia gorapean Oharkabe taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun