«Herritarrek eta Mozorro Zuriek ongi pasatzeko hiru egun eder dira inauteriak»

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 4a, 08:30
Markel Jorajuria Elizondo gustura bizi ditu inauteriak mozorro zuri bezala.

Markel JORAJURIA ELIZONDO, Arantzako Mozorro Zuria

Markel Jorajuria Elizondori (Arantza, 1994) bi egun baino ez zaizkio falta «urteko bestarik hoberenak» ailegatzeko, armairutik zapia, atorra laukiduna eta galtza urdin zein zuriak atera eta soinean paratzeko. «Urte guzian inauterietarako ortzegunaren esperoan» egoten dela dio, «hainbertze adinetako jendea plazara ateratzeak berezi egiten dituzten inauteriak noiz ailegatuko diren esperoan».

Odolean daramatza inauteriak. «Ttikitatik» izan ditu gustuko eta haurra zenetik izan du gozatzeko aukera. Ez ditu atzenduak haurra zela, «ortzegunarekin, Mozorroei eskolan puxka-puxkak bizkarrean paratzen» zizkieteneko uneak, «guretzat kristorena» izaten baitzen. «Arratsaldean eskolan mozorrotuak ibiltzen ginen. Ortziralearekin, herrian barna kantari ibiltzen ginen eta larunbatarekin mozorrotu eta Mozorro Beltzen aitzinean lasterka». Koskorragoa zela, 10-11 urterekin, baserriz baserri eskean ibiltzen hasi zen eskolako lagunekin: «hagitz oroitzapen onak ditut. Oinez ibiltzen ginen trikitixa eta panderetarekin, eta hori zen gehien gustatzen zitzaidana. Dantzan eta kantari ibiltzen ginen, Mozorro Zurien pare».

 

Mozorro Zuri izatea amets

Mozorro Zuri izatea bertze salto bat izan zen. «Ttikitatik Mozorro Zuri ateratzearekin amestu» ondotik, 16 urterekin eman zuen pausoa, 2011n. Urte hartan «gazteena izanik lotsa eta errespetua» sentitu bazituen ere, «esperientzia polita» izan zela kontatu digu. Hasi bazen hasi, gustua ederki hartua dio: «geroztik ez dut batean ere hutsik egin». Bide beretik segitzekotan da, aurten hamargarren urtez Mozorro Zuri aterako baita. Ez digu onartu Mozorro Zuri denetik bestaz gain, bertzelakorik egin duen ala ez, baina haurra zela bere etxean Mozorroek egindakoa gogoan du: «gure etxean, eltzarian etxeko zapatila bat sartu zuten».

 

«Ortzegunetan baserriz baserri egiten den buelta eta ortzirale goiza galtzea inauteriek duten hoberena galtzea da»

Mozorro Zuri atera ala ez inauteriak «aunitz» aldatzen omen dira: «Ortzegunetako baserrietako buelta eta ortzirale goiza galtzea hoberena galtzea da». Lehenbiziko eguna du gustukoena: «08:30erako Zakutenean denak inauteriak hasteko prest egoten gara». Han izanen da aurten ere. Hori ez du deusek galaraziko. Zinegotzi karguan lehenbiziko inauteriak izanen ditu, baina argi dio: «horrek ez ditu deusetan aldatuko; inauterietan ni Mozorro Zuri izanen naiz».

Hiru egunez besta betean ibili ondotik, «bukatzean pena» sentituko duela badaki, «betiko martxari segitu beharko», erran digu. «Bertze herrietako inauterietara» bisitaren bat edo bertze egiteaz gain, bere afizioei leku eginen die: «lagunartean trago batzuk hartuz arratsalde pasak egitera» aterako da, baita «futbolean jokatzera eta pilota partidaren bat ikustera joan eta ondotik besta eder bat egitera» ere. Baina gero gerokoak. Aurtengo inauteriak gozatzeko ditu oraindik eta horiek dira orain begiz joak dituenak. «Herritarrek eta Mozorro Zuriek ongi pasatzeko hiru egun eder» direnez, ez da etxean geldituko.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun