Inoiz baino kirolari gehiagok parte hartu dute Berako XIII. Mendi Egunean

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 13a, 09:19

Santa Barbarako binakako kronoigoeran 63 talde (bikote, hirukote eta laukoteren bat) atera ziren

 

300 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte larunbatean Berako Mendi Egunaren hamahirugarren edizioan antolatutako jardueretan. Bai goizez zein arratsaldez, eskalada-tailerrak, orientazio-probak, mendi-irteerak, erlojuaren kontrako lasterketa eta Edurne Pasabanen dokumentalaren proiekzioak parte-hartzaile eta publiko ugari izan zituzten. Manttalek eta Agerra Mendi Taldeak antolatutako jardunaldi eguzkitsu honetan, beste urte batez, Xabier Zubieta, Loro Pikabea eta Xabier Saralegi mendizaleak gogoratu ziren.

Manttalek eta Agerra Mendi Taldeak dokumentalaren sarrerekin lortutako diru-bilketa osoa eta mendi-ibilaldian zein erlojupekoan parte hartutako jendeak egindako dohaintzak (1.000 euro) Nepalen emakumeen bizitza hobetzeko lan egiten duen Nepaldala ONGari eman zizkion.

Larunbat goizean eskalada tailerra egin zen Toki Ona kiroldegian, eta 70 bat neska-mutikok parte hartu zuten, eskalada eta oreka ariketak eginez, tirolina, rappel, boulder eta gisakoak. Aurten, lehenengo aldiz, haur eta nerabeentzako orientazio-proba bat ere egin zen. Bost laguneko taldetan banatuta, mapa eta iparrorratz batekin Berako hainbat leku kokatu eta esaldi bat osatzeko pistak aurkitu behar izan zituzten.

Arratsaldean, Santa Barbarara oinezko mendi ibilaldia eta binakako kronoigoera egin ziren eta Manttaleko haurrek lasterka ere egin zuten.

Arratsaldeko 3etan abiatu ziren oinezko mendi ibilaldian parte hartu zuten 50 bat lagunek eta Larretagainera joan ziren, korrikalariak animatzera pasatzerakoan.

5,5 kilometroko erlojuaren kontrako lasterketan 63 bikotek hartu zuten parte (baita hirukote eta laukoteren bat ere). Rikardo Baroja eskolaren paretik minutuero atera ziren partehartzaileak eta jendearen animoak bildu zituzten ibilbide osoan. Ohikoa denez, lasterketa ez da konpetitiboa, baina bikoteen denborak hartu zituzten eta panel batean erakutsi. Horien artean, batzuk ordu erdi baino guttiago behar izan zuten ibilbidea osatzeko eta bizkorrenak, Agoitz Iratzoki lesakarra eta Fernando Etxegarai beratarra izan ziren (25:51). Partehartzaile guztiek 50 minutu baino guttiago behar izan zituzten ibilbidea osatzeko. Baina erran bezala, parte hartzea zen garrantzitsuena. Manttaleko korrikalari aunitz atera ziren proban.

Probaren ondotik, partehartzaileentzako berendua eskaini zen eskolako jangelan eta oparien zozketak ere egin ziren.

 

Edurne Pasabanen proiekzioarekin mila euro Nepalentzat

Beranduago, Kultur Etxean, ‘Chhaupadi. Una expedición de Edurne Pasaban a la cara oculta del Himalaya’ dokumentalaren proiekzioa eskaini zuten jendez gainezka ageri zen Kultur Etxean eta Edurne Pasaban mendizalea ere bertan izan zen. Filma ikusteko sarrerak 3 euro balio zuen, eta bildutako dirua EDUC NEPAL GKEari emanen zaio. 

Pasaban ez ezik, Nepaldala ONGko kideak ere emanaldian egon ziren Nepalen emakumeen bizi-baldintzak eta hezkuntza hobetzeko egiten duten lana azaltzen. Manttalek eta Agerra Mendi Taldeak 1.000 euro bildu zituzten filmerako sarreren salmentarekin eta mendi-ibilaldian zein erlojupekoan parte hartu zutenek borondatez emandako diruarekin. 1.000 euroak Nepaldala ONGari eman zitzaizkion oso-osorik.

Arena Comunicacióneko Migueltxo Molinak zuzendutako zintak Saipal mendira (7.031 m) Edurne Pasabanek egindako espedizioa kontatzen du. Tolosar mendizaleak eskualdeko lau neskarekin egiten du lan. Nepaleko eskualde ezezagun eta urrunenetako bat da Chhapupadi, eta mendez mende emakumeak baztertuta bizi dira. Edurne, Pabitra, Saraswoti, Laxmi eta Sangitarekin batera, mendira igotzen saiatzen da, eskualdeko eta Nepaleko emakume guztiek irudi eta inspirazio gisa erabil dezaten.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun