Berako XIII. Mendi Eguna ospatuko dute urtarrilaren 11n

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2020ko urt. 9a, 07:30
Manttaleko bi kirolari, Santa Barbarako igoeran.

Santa Barbarako igoeraz gain, Edurne Pasabanen ‘Chhapupadi’ dokumentala eskainiko dute larunbat arratsaldean Kultur Etxean

Larunbat honetan, urtarrilak 11, Berako Mendi Egunaren hamahirugarren edizioa antolatu dute Manttale Mendi lasterketa taldeak eta Agerra Mendi Taldeak, Berako Udalaren eta bertze zenbait erakunderen laguntzarekin. Bertan, Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegi omenduko dituzte, 2007ko urtarrilaren 13an Taillon mendian hildako mendizaleak.

Egitaraua larunbat goizeko 09:45ean hasiko da Toki Ona kiroldegian, eguerdira bitarte eginen den haurrentzako eta gazteentzako eskalada tailer batekin.

14:15ean  Rikardo Baroja Eskolako aterpetan, Santa Barbarako mendi irteeran eta binakako kronoeskaladan parte hartzeko izen emateak irekiko dira. Aitzinetik ere eman daiteke izena, Pikabea harategian, Agara prentsa-dendan, Errekalde ostatuan eta manttaletaldea@gmail.com helbide elektronikoan. Bai kronoeskalada baita txangoa ere kiroldegiko ataritik abiatuko dira, Santa Barbarako gainetik pasa eta abiapuntura iritsiko dira 5 kilometro eta erdiko ibilbidea burutuz.

Ibilaldia 15:00etan hasiko da eta kronoigoera 15:30ean. 15:00etan 12 urte artekoentzat lasterketa ere eginen da.

Kronoigoera, partaide guztientzat irekita dago, baina 16 urte baino gutxiago daukatenek heldu batekin egin beharko dute ibilbidea nahitaez. Ibilaldia eta kronoigoera bukatzerakoan Rikardo Baroja eskolan merienda izanen da. Eta honen ondoren sarien zozketa eginen da mendi irteerako eta kronoigoerako parte-hartzaileen artean.

 

Edurne Pasabanen dokumentala

Mendi Eguna borobiltzeko, 19:30ean Kultur Etxean, ‘Chhapupadi. Una expedición de Edurne Pasaben a la cara oculta del Himalaya’ dokumentala eskainiko dute.

Arena Comunicacióneko Migueltxo Molinak zuzendutako zintak Saipal mendira (7.031 m) Edurne Pasabanek egindako espedizioa kontatzen du. Tolosar mendizaleak eskualdeko lau neskarekin egiten du lan. Nepaleko eskualde ezezagun eta urrunenetako bat da Chhapupadi, eta mendez mende emakumeak baztertuta bizi dira. Edurne, Pabitra, Saraswoti, Laxmi eta Sangitarekin batera, mendira igotzen saiatzen da, eskualdeko eta Nepaleko emakume guztiek irudi eta inspirazio gisa erabil dezaten.

Filma ikusteko sarrerak 3 euro balioko du, eta bildutako dirua EDUC NEPAL GKEari emanen zaio. Erakunde horrekin batera, Aitziber Alza, Miren Beroz eta Olatz Lasa hondarribiarrek osatzen duten Nepalda taldea Ikusi proiektua gauzatzen ari da. Nepalgo neskei eta emakumeei lan-aukera gehiago izan dezaten ikasteko aukera ematen die.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun