Mendiak eman eta kendu egiten du eta hori ongi dakite Ana Larretxea Apezetxea (Arantza, 1973) eta Lorea Zubieta Larretxea (Arantza, 2004) ama-alabek. Biek maite dute mendia, maldan goiti eta beheiti ibiltzea, lasterka edo oinez, baita eskalatzea ere; baina kendu ere egin die, eta aunitz, duela 13 urte batek bikotekidea eta bertzeak aita galdu zuten mendian.
2007ko urtarrilaren 13an gertatu zen ezbeharra, Taillon mendian (Frantziako Pirinioak). Urtarrilaren 6an Anayet mendian (Huesca, Espainia) Unai Etxepare Elizegi lesakarra hil zenean, haren erreskatean ibili ziren Xabier Zubieta Erkizia Zubi eta Luis Mari Pikabea Zubieta Loro beratarrak eta Xabier Saralegi Alzate lesakarra. Astebete beranduago eurek eraman zituen mendiak, 33 eta 32 urterekin. Taillonen iparraldeko pareta, soka berean igotzen ari zirela, irristatu eta amildu ziren hiru gazteak.
«Lan handia egin dugu eta aunitz ikasi dugu»
Ana Larretxea Apezetxea, Arantza
Zubiren bikotekidea zen Larretxea, eta Lorea Zubieta alaba. Bi urte eta erdi baino ez zituen eta zoritxarreko eguna «jendeak kontatu didanarekin» oroitzen du. Amak bai, gogoan du: «eguraldi ederra egiten zuen, eta tontakeria iduri badezake ere, sobera ona zela erraten nuen. Sentimendu arraroa nuen». Etxeko atea jo ziotenean hartu zuen lehenbiziko zanpatekoa: «istripu batean erori zela erran zidaten». Gurasoen ostatura joan eta hura hiru mendizaleen senide eta lagunez betea ikusitakoan jakin zuen gertatuaren berri. Ez zuen halakorik espero, nahiz eta «beldurra» izan. «Etxeparerena pasatu berria zen eta Zubiri bera joateak beldur handia ematen zidala errana nion».
Lehenagotik ere, bereziki ama izan eta gero, kezka hor zuen: «Edurne Pasabanekin ibili ziren garaian, zortzimilakoak egiteko bere fitxaketak izanen zirela erraten zien. Baina nik bi haur ttikirekin bertze zortzimilako bat etxean pasatzeko ez nengoela prest erraten nion». Bere hitzetan, «Zubik ere hala sentitzen zuen. Haurdun nengoela eta semea jaiotakoan, ateraldi bana egin zituen, eta egunerokoan etxera etortzeko gogoa sentitzen zuela idatzi zuen». Gainera, «ordurako mendian ez ziren hainbertze ibiltzen. Mendi lasterketetan hasiak ziren. Zegama-Aizkorriren lehenbiziko edizioak ziren eta Zubik bi aldiz egin zuen».
Mendiz mendi gozatuz
Hiru mendigoizaleen gisara, Larretxea ere mendian trebatua da. «Zubi ezagutukoan» eman zuen pausoa: «ordura arte, kirola egiten nuen, baina mendian berarekin hasi nintzen. Denborarekin astebururo mendira joaten hasi ginen, hasieran Lororekin, eta gero Patxi [Pikabea] eta Xabinorekin [Korta]. Izkin guztietara bortzok joaten ginen». Euskal Herriko mugak maiz zeharkatu zituzten: «Pirinioetan, Alpeetan, Perun, Himalaian... ibili ginen». 1999an Gasherbrumera (8.035 metro) egindako espedizioan parte hartu zuten eta orduko oroitzapen «zoragarriak» gordeak ditu, «sufritzen ikasi nuen. Gauzak lortzea kostatzen da, pazientzia behar da, ibili eta sufritu, bizitzako bertze alorretan bezala».
Ikasteko bidea
Taillonen iparraldeko pareta ere igotakoa da, «lotu gabe eta neguan. Arduragabeak izan ginen». Nola diren kontuak, toki horretan gertatu zen ezbeharra. Argi du «istripua» izan zela: «Mila kontu aditu behar izan ditut, harat joanda arriskua bilatzen dela eta bertzelako kontuak. Arriskua bai bada, baina istripuak ere gertatzen dira, eta ez mendian bakarrik».
«Kolpe gogorra» hartu zuen, eta «dolua gainditzea hagitz gogorra» izan zela azaldu du. Geroztik egindako bidea, ordea, ez da alferrikakoa izan: «Aunitz ikasi dugu. Seme-alabei begiratzen diedanean, kontent sentitzen naiz. Gai dira gertatu zenaz solastatzeko. Lan handia egin dugu eta orain fruituak jasotzen ari gara. Familia berria osatu dugu eta kontent bizi gara». Alabak «bidean lagun handiak» egin dituztela adierazi du «eta gertatu zena gainditzen jakin dugu».
Mendian gozatzen dutelako, horri eutsi diote hasieratik. «Argi nuen etxean kirola eginen genuela». Eta hala izan da. «Opor aunitz Pirinioetan pasatu ditugu», berretsi du alabak. Gainera, gurasoen mendirako eta lasterka ibiltzeko zaletasuna barneratu ditu, berak zein anaiak. «Bortz urteko alaba gazteena ere mendira gustura» joaten dela aipatu du amak.
Lorea «zazpi urterekin» hasi zen Manttale Ttiki atletismo eskolan eta «hor segitzen dut, gazteen taldean. Berriki eskalatzen ikasten ere hasi naiz». Kirola egitea «deskonektatzeko» bide da beretzat: «azterketak bukatzean mendira joateak lagundu egiten dit. Gustura joaten naiz». Hori bai, mendiari «errespetua» dio: «Bertze bati pasatzean, zuri ere gertatzen ahal zaizula pentsatzen duzu; guri aitarekin etxean tokatu zaigunez, errespetu gehiago sentitzen dut. Baina horregatik ez gara joan gabe geldituko». Bide beretik jo du amak: «beldurrak paralizatu egiten du eta horrela ezin dira gauzak egin. Mendiari errespetua izanez gero, helburuak lortzen dira». Garbi du: «mendira joaten segituko dugu».
Santa Barbara, Taillon, Ekaitza
Aitaren heriotza maiz izan dute hizpide etxean eta horren seinale da gaiaz aritzeko duten naturaltasuna: «ez du tabua izan behar; ez da egunero solastatu beharreko zerbait baina on egiten du etxean eta hurbileko lagunekin aritzeak», dio gazteak. Harro oroitzen da aitaz. Hunkituta «pertsona indartsua eta eredugarria» zela erran du. Baina amaz ere miresmenez mintzo da: «gertatu zena gainditzen erakutsi digu».
Bidea ere argi dute, amak dioen bezala, «ezin dugulako gertatu zenari lotuak bizi». Ez dute aita atzendu, ezta nahi ere. Hala, Zubi, Loro eta Saralegi gogoan egiten diren hitzorduetan ez dute hutsik egiten. Bi urtetik behin, Berako Agerra Mendi Taldeak eta Manttale Mendi Lasterketa Taldeak Taillonera ateraldia antolatzen dute udan. Larretxea aunitzetan izana da eta alabak iaz egin zuen estreinako bisita: «Aitarena buruan izanagatik, mendia gustuko dudanez, hagitz esperientzia polita izan zen».
«Ez gara mendira joan gabe geldituko»
Lorea Zubieta Larretxea, Arantza
Urtarrilean, berriz, mendizaleen errautsak dauden Berako Santa Barbara mendira egiten den kronoigoeran parte hartzen dute amak eta seme-alabek; bi aldiz egin du alabak, eta batean baino ez du hutsik egin amak. Larunbat honetan eginen den aurtengo igoeran ere han izanen dira, «haien oroimenez, baina baita ongi pasatzeko ere», dio Zubietak. Ez da bere urteko bisita bakarra: «Berako bestetako lehenbiziko egunean ere joaten gara eta Manttaleko entrenamenduetan noiznahi. Iaz, nire urtebetetze egunean, Berako amatxi eta izebarekin ere igo nintzen». Aitortu digunez, «nekatua nagoenean, goitiraino igotzeko indarra» sentitzen du eta behin tontorrera ailegatuta «poza».
Arantzako Ekaitza mendia ere «berezia» dute, Zubi gogoan oroitarria eta ikurrina han baitaude: «ilusio handia egiten digu. Arantzan bizi zen eta Ekaitzakoa eta Arantzako mendi lasterketan ematen duten Zubieta Saria Arantzan beraz oroitzeko modu bat da».
Esker oneko hitzak dituzte hori guztia posible egiten dutenentzat: «Denek merezi dute oroituak izatea eta Zubi oroitzeko horrelako aukera izateagatik pribilegiatuak sentitzen gara; eskertzekoa da».
Mendiaren Eguna urtarrilaren 11n
Taillonen hildako hiru mendizaleak gogoan, aurten XIII. aldiz, Mendiaren Eguna antolatu dute Manttale Mendi Las- terketa eta Agerra Mendi taldeek larunbatean, hilak 11, Beran. 2008an egin zuten lehen aldiz, Iñaki Pikabea Zubieta Lororen anaiak eta Zubiren lehengusuak dioenez, «hirurak oroitzeko. Haien asmoa Santa Barbara bikotekako lasterketa antolatzea zen». Eta hala egin dute, haien ametsa egia bilakatuz. Areago, azken urteotan, Mendiaren Eguna izenburupean egun osoko egitaraua prestatzen dute. Aurten ere, lasterketez gain, eskalada tailerra eta dokumentalaren emanaldia eginen dituzte.