Jesusen Bihotzako eta Ricardo Barojako ikasleek borobilduko dituzte Mugaz Gain jardunaldiak

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 17a, 17:00

19:30ean Uxanekoek landutako Vaya corte lana izanen da ikusgai.

Berako Antzerki eta Eskola elkarteak antolatuta, eta Berako Udalak eta Berako Kultur Batzideak lagunduta, maiatzaren 16an abiatu ziren Mugaz Gain 2019 antzerki-jardunaldiak. Jardunaldiek gaur izan dute segida.

Ikusleek, Aguakate taldearen eskutik, Nor naiz ni? Nor naiz iñork begiratzen ez nauenean?; Zaskanduri taldearen Erantzi; eta Tutalkamonen Zaping lanez gozatzeko aukera izan dute. Argazki ederrak utzi dituzte emanaldiek.19:30ean ate irekiak izanen dituzte eta bertaratzen denak Uxaneko erabiltzaileek landutako Vaya corte lanaz gozatu ahal izanen du.

Heldu den astean emanaldi gehiago

Maiatzaren 21ean eta 23an bertze bina ikuskizun eskainiko dituzte. Asteartean Jesusen Bihotza ikastetxeko gaztetxoak Zaborra antzeztuko dute eta ondotik Ricardo Baroja eskolako ikasleei pasako diete lekukoa. Azken horiek Superamatxi eta Txokolatezko etxetxoa lana oholtzaratuko dute.  Hiru antzezlan horiek ate irekietan ere eskainiko dituzte 18:00etan.

Ortzegunean izanen da hondarreko eguna eta jardunaldiak borobiltzeko 10:00etan hasita Ricardo Baroja ikastetxekoek Zer izanen ote? eta Labiagakoek Gaua gauekoentzat eta eguna egunekoentzat  (12:00etan) lanak eskainiko dituzte. Arratsaldean, ate irekietan, horiek berak ikusi ahako dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun