Eguraldiak lagundu zuen aurtengoan eta kalejira egin zuten hainbat lagunek, gehienak haurrak eta gurasoak, tartean San Jose Zahar Etxea ere bisitatuz. Azkenean, Herriko Etxeko plazan, ohiko ijitoen ezkontza egin zen, Ibon Irastortza Urdanitz eta Ane Osua Cabida ezkongaiak zirela.
Otsailaren 27an, asteazkenean, 18:00etan inauterietako kontzertua eskainiko du Isidoro Fagoaga Udal Musika eskolak Kultur Etxean.
Biharamonean, Ortzegun Gizen eguna izanen da. 15:45ean abiatuko da kalejira suhiltzaileen parketik Eztegara pilotalekura. Eguraldi txarra eginen balu, zuzenean Eztegara pilotalekuan geldituko lirateke 16:00etan. Ondotik, 16:30ean, haurrentzako berbena izanen da Eztegara pilotalekuan.
Martxoaren 3an, igandearekin, inude eta artzaiak ibiliko dira karrikaz karrika. Goizeko 10etan abiatuko dira Eztegara pilotalekutik. Goizeko ibilaldiaren ondotik, bazkaria eta arratsaldeko 6etan berriz ere abiatuko dira Eztegara pilotalekutik Altzateko karrikara.
Martxoaren 4an, Inauterietako Astelehenean, goizean zingar-arraultzea eginen dute koadrilek auzoz auzo eta karrikaz karrika eta eguerdi aldera karrozak eta mozorroak ikusiko dira karriketan.
Inude eta Artzaien urtemugak ospatuz
Bertze aldetik, inude eta Artzaien egunerako Eztegara pilotalekuan eginen diren entsaioak ere iragarri ditu Gure Txokoa dantza taldeak. Lehenbizikoa otsailaren 27an eginen da, asteazkenean 19:00etan eta bigarrena martxoaren 1ean, ortziralean 19:00etan. Biak Eztegara pilotalekuan. Bertan, bazkarirako txartelak ere salgai izanen dira 15 eurotan. Aurten 90 urte beteko dira lehen aldiz Iñude eta Artzaiak atera zirela Beran eta 40 urte ohitura hori berreskuratu zutela.