«Inauterietan parte hartzea eta gustura egotea da garrantzitsuena»

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 25a, 20:00

Igor Telletxea, ezkerrean, inauterietan murgildua.

IGOR TELLETXEA • Berako Musika eskolako irakaslea eta bandako zuzendaria

Musika da Igor Telletxearen bidela­guna. Ez da gaurkoa doinu eta letre­kin duen hartu-emana. Musikazaleak dira familian, «atatxi musikaria zen eta osabak ere hala dira». Horren le­kuko da, etxean duten musika-tres­na kopurua: «akordeoia, tronboia, bonbardinoa, gitarrak, baxua, bate­riak…». Buru baino gehiago eta denak eraginez herria mugiarazteko adina. 

Ikasi eta irakatsi

Musika-eskolan 9 urte ingururekin hasi zen: «akordeoiarekin hasi nin­tzen. Gero, perkusioari heldu zion. Ordutik, hainbat tresna landu ditu eta egun, «bateria, tronboia, gitarra, baxua, pianoa…» jotzen ditu, «batzuk ongi samar eta bertzeak guttiago». Musika aditu eta ikasi ez ezik, irakatsi ere egiten du. Duela 15 bat urte hasi zen musika-eskolan lanean eta horre­tan dihardu: «perkusioa irakasten diet 20 ikasle ingururi».

Bandako kide da beratarra eta guztira 25 urte inguru daramatza tal­dean. Urteotan parte-har­tzaile kopuruak goiti egin duela kontatu digu: «15 bat ginen hasieran eta 20 lagun inguru egun». Baina horren gainetik beraien ar­teko «giro ona» eta taldeak dakarren «aberasgarritasu­na» nabarmenduko lituzke: «haizezko musika-tresna bat jotzen dakien edonor animatuko nuke».

 

Inauteriak ere musikaren bueltan

Musika non, bera han iza­ten da. Inauterien atarian, erraterako, ikasleekin eta bandako kideekin ikusi ahal izanen dugu: «ortzegun gizena baino lehen musika-eskolakoek musika eta mozorroa bateratuz kontzertua an­tolatzen dugu; eta kaldereroetan ez dugu hutsik egiten». Bi ekitaldiokin irudimenak martxan paratu eta mo­torrak berotzeko aukera izaten du. Hala, «inude eta artzainen» bueltan erritmoa jartzeko eta astelehenean «kuadrillakoekin mozorrotzeko» prest izaten da. Egun horiek «bereziak» dira berarentzat. Hortaz, ongi oroitzen du huts egin zuen urtea.

Bederatzi-hamar urte zituela hasi zen inude eta artzainetan ateratzen: «kaja jotzen nuen». Bertze horren­bertze daramatza mozorrotzen. Urte­ren batean kuadrillakoek mozorroak prestatzen lan handia egin dutela ai­tortzearekin batera, aurten ez dutela neke handirik izan gaineratu digu: «gaia eta pertsonaiak hitzartu ditugu, errepika ez daitezen». Guztia ez da materiala, eta bazterrak nahasten tre­beak dira, eta beraz, bertaratzen dire­nek girorik ez dute faltako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun