Dama Beltzak taldearen kontzertua larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 31a, 12:00
Pinatxo eta Santxezen emanaldia kultur etxean izanen da.

Estitxu Pinatxo Olaziregi abeslari beratarraren eta Mikel Santxez Etxegia gitarra-jotzaile lesakarraren eskutik. 

Joan den irailean aurkeztu zuten mugimendu musikal eta soziala sustatu zuten emakumeen borroka ardatz duen Dama Beltzak proiektua. Orduz geroztik Estitxu Pinatxo abeslariaren eta Mikel Santxez gitarra-jotzailearen lana batean eta bertzean erakutsi dute.

Hurrengo hitzorduak dagoeneko prest dituzte: otsailaren 2an, larunbatean 18:00etan Berako kultur etxean joko du. Ondotik, hilaren 16an Donostian; eta 24an Arrasaten izanen dira. Martxoaren 16an eta 23an, berriz, Andoainen eta Irunen izanen dira, hurrenez hurren. 

 

Musika bikaina egiteaz gain, musikaren bitartez iraultza eta borroka egin zuten dama beltz batzuei merezitako errekonozimendu xumea da DAMA BELTZAK. Mugimendu musikal eta sozialaren erreginak izan ziren, bertzeak bertze, Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin. Ahazturan gera ez daitezen, bortz emakume ausart hauen bizitzak kontatu eta haien abestiak kantatuko dituzte. Estitxuren ahotsa oinarri hartuta, piano eta gitarra doinuek jantziko dituzte euren dama beltzen abestiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun