«Emakume musikari bikainak bagaudela aldarrikatzeko unea da»

Gurutze Pikabea 2018ko urr. 6a, 09:45
Estitxu Pinatxoren ustez, «balio gehiago eman beharko genioke musikari eta bertze diziplina artistikoei»

ESTITXU PINATXO OLAZIREGI BERAKO KANTARIA

Ttikitatik datorkion zaletasunari eta abilidadeari tiraka ibilbide oparoa osatzen ari da musika munduan. Gaur egun, bi proiektu ditu esku artean: Dama beltzak eta bere lehenbiziko diskoa.

 

Aurkezpen guttirekin aski du Estitxu Pinatxo Olaziregi abeslariak (Bera, 1987). Bere ahotsak ohikoak dituen goxotasun eta indarrari esker egin da ezagun musika munduan, eta talde, telebista saio eta proiektu andanari jarri die ahotsa. 30 urterekin ibilbide oparoa egiten ari da, baina ez da hasiberria. Ttikitatik datorkion zaletasuna da, betitik gozatu duelako musikarekin eta herri edo familia musikazale eta musikari bateko alaba delako akaso. Orain arte egin duen ibilbideaz eta gaur egun esku artean dituen proiektuez solastatu da Ttipi-Ttaparekin, tartean, negu edo udaberri aldera argitaratu nahi duen bere bakarkako lehenbiziko diskoaren inguruan.

 

Aspalditik musikaren munduan zabiltza...

Ttikitatik izan dut musikarekin harreman estua. Herriko musika eskolan ikasi nuen, eta akordeoiarekin hasi nintzen. Txapelketetan hainbat sari ere eskuratu nituen. Ondotik, kantugintzan hasi nintzen eta haur eta helduen Nafarroako kantu txapelketak irabazi nituenean, Egan musika taldean sartzeko aukera izan nuen. Ordutik hainbat talde, proiektu edota telebista saiotan ibili naiz. Bertze musika-tresnekiko interesa ere piztu zitzaidan eta pianoarekin eta tronboiarekin saltsan ibiltzen naiz. Hortaz aparte, unibertsitatean ere musika-ikasketak egin nituen.

Nondik datorkizu zaletasuna?

Bera hagitz herri musikaria da eta ttikitatik musika eskolara joateko tradizioa dago. Ni akordeoiarekin hasi nintzenean, nabaria zen musikarekin disfrutatzen nuela. Ordu aunitz ematen nituen ikasten eta bertze batzuek, adibidez, kiroletarako interesa zuten bezala, argi zegoen nirea musika zela. Gainera, familian ere, kanturako afizioa beti egon da.  Mahaiaren inguruan kantatzen ikusi eta aditu izan ditut ama, izeba-osabak... eta hor gustura sentitzen nintzen.

Zer da musika zuretzat?

Argi dago musikak nire bizitzan leku handia duela. Musikariez inguratua bizi naiz eta egunero elkarrizketa aunitz horren harira izaten dira. Batzuentzat pelma batzuk izanen gara akaso... (irriz). Baina musikak betetzen ditu bizitzako momentu aunitz eta zinez uste dut, jendartean balio gehiago eman beharko litzaiokeela musikari zein bertze edozein diziplina artistikori. Artea sormena da, adierazpena, askatasuna... Eta horren beharra dagoela erran beharrik ez dago.

Zer sentitu zenuen oholtza gainera igo zinen lehenbiziko aldian?

Ez dut ongi gogoratzen, baina gaur egun, aunitzentzat oholtzara igotzea urduritasunaren isla den bezala, niretzat bakea dela erranen nuke.

Geroztik aunitz aldatu zara oholtza gainean?

Urteen poderioz eta inguruan izandako musikariekin lankidetzan aunitz ikasten da. Segurtasuna hartzen duzu, esperientzia eta heldutasuna, hagitz gazterik hasi bainintzen.

Momentu txarrik pasatu duzu?

Hainbat momentu txar eduki ditzakezu, agian ez zaudelako osasunez edo animoz guztiz ongi eta hala ere, emanaldiari aurre egin behar diozulako. Ahotsa, adibidez, hagitz musika-tresna delikatua da, zaintza handia eskatzen duena, eta aunitzetan tokatu izan zait ahotsa %100ean izan gabe kantatu beharra eta momentu horietan segurtasun eza, beldurra, urduritasuna... presente egoten dira.

Bereziki  gogoan gelditu zaizun momenturik baduzu?

Bat errateagatik, aipatuko dut Pettirekin, Kursaalen, Sortuko dira besteak ekimeneko emanaldi batean lehenbiziko aldiz Leonard Cohenen Aleluia abestia kantatu ondotik jaso genuen txalo zaparrada. Jendearen erantzuna izugarria izan zen eta horrek sekulako zirrara eta emozioa sorrarazi zizkidan. Ez zait berehalakoan ahantziko!

Musikaren mundua parekidea dela uste duzu?

Inondik inora ere ez. Azken urteetan aurrerapena nabarmena izan da, ez bakarrik musikan, orokorrean diot, eta hagitz momentu onean gaude oraintxe. Jendartearen zati haundi bat hezkidetzaren gaiarekin hagitz sentsibilizatua dago eta uste dut oraintxe dela momentua musika munduan ere agerikoak diren estereotipoak hautsi eta emakume musikari bikainak bagaudela aldarrikatzeko. Aurrerapen haundia egin da, baina oraindik aunitz dago egiteko.

Emakume izateagatik noizbait desberdin sentitu zara oholtza gainean?

Musikariak pertsonaia publikoak gara. Gure lana publiko batean aitzinean egiten dugu eta publiko horri eskainia. Eta uste dut jendartearen aldetik emakumezkoei begiratzeko betaurrekoak aldatu behar ditugula. Aunitzetan, arrakasta lortzeko, kalitatearen aitzinetik bertze hainbat aspektu edota baldintza jarri dira, adibidez, itxura fisikoa. Gizonezkoen kasuan ez da horrelakorik gertatzen.

Musikagintzan ari diren emakume erreferenterik baduzu?

Jakina ditudala. Nina Simone, Aretha Franklin, Etta James... Musikari onak, abeslari bikainak eta emakume ausart zein borrokalariak. Euskal Herrian ere baditugu emakume bikainak musikagintzan: Miren Narbaiza, Aiora Renteria, Mursego, Anari...

Zertan ari zara gaur egun?

Azken urteotan, musikari dagokionez, nahiko lasai ibili naiz, baina banuen zerbaiti ekiteko gogoa eta proiektu baten faltan, birekin nabil buru-belarri. Alde batetik, Dama Beltzak proiektuarekin ari naiz, musika beltzaren erreginei omenaldi xume bat izanen den proiektuarekin, formatu ttikian. Bertzetik, nire bakarkako lehenbiziko diskoa prestatzen ari naiz.

Nola doaz bakarkako lan horren prestaketak?

Abesti gehienen hezurdura egina dago eta orain horiek janzten ari gara. Negu edo udaberri partean argitaratzea gustatuko litzaiguke.

Zerbait aitzineratzen ahal diguzu?

Musika munduan aspaldi hasi nintzen, baina inoiz ez dut nire abestiak kantatzeko aukerarik izan, eta banuen gogoa. Abesti indartsuak egonen dira, baita goxoagoak ere. Gizarte gaiak ere jorratu nahi izan ditut eta zerbait erran. Musikari bikainez inguratua egonen naiz: gitarrarekin Joxerra Mitxelena, baxuan Txema Garces eta baterian Mikel Santxez.

Musikatik bizi zara?

Irakaslea naiz ogibidez, baina musikari bezala egiten dudan lanarekin osatzen dut.

Bizitzeko adina ematen du musikak?

Ez da erraza. Gaur egun, musikarioi jartzen dizkiguten baldintzak aunitzetan duinetik urruti egoten dira eta horrela ez da erraza musika lanbide bihurtzea. Afizio edo bigarren lan gisa gelditzen da.

 

Musika beltzaren erreginei gorazarre

«Musika beltzaren erreginei omenaldi xume bat» egiteko asmoarekin, Dama Beltzak izeneko proiektuarekin buru-belarri lanean dabil Berako abeslaria. «Musikari bikainak izateaz gain, musikaren bitartez, giza eskubideen alde borrokatu zuten emakume aitzindari batzuei egin nahi diegun errekonozimendu ttiki bat da». Halaxe azaldu digu Pinatxok. Gehiago ere kontatu digu: «ahotsa oinarri, piano eta gitarra doinuez janzten ditugu abestiak». Eta helburu horrekin bi lagun igotzen dira taula gainera: Mikel Santxez gitarrarekin eta beratarra pianoarekin eta abesten.

 

Bortz erregina

«Gure dama beltzak emakume ausartak, borrokalariak, musikari bikainak... izan ziren eta horien abestiak interpretatzeko gogoa izateaz gain, alderdi sozialak ere bultzatu gaitu horrelako emanaldi bat prestatzera. Errespetua, arra- zakeria, berdintasuna,... bezalako gai potoloak plazaratu zituzten, eta nola, gainera!». Gai horien harira, «aurrerapauso nabarmenak» egin direla uste duen arren, bere hitzetan, «oraindik ere bidea luzea da errespetuaz, arrazakeriaz edo berdintasunaz ari bagara».

Beratarrak onartu digunez, «musika beltzaren hainbat eta hainbat erregina gure zerrendatik kanpo utzi behar izan ditugu, lekurik ez dugulako ordu bateko saioan». Horregatik bortz aukeratu dituzte: Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin.  «Emakume horien borroka berreskuratu nahi izan dugu».

 

Formatu ttikiko hitzordua

Dama Beltzak proiektua joan den irailaren 23an aurkeztu zuten Oreretako (Gipuzkoa) Atlantikaldia jaialdian eta hemendik aitzinera «leku ttikietan jotzea» gustatuko litzaikeela kontatu digu Pinatxok, «formatu ttikiko emanaldia baita».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun