Lau hamarkadetan aitzinera begira

Gurutze Pikabea 2018ko abe. 3a, 10:50
Berako Uxane okupazio zentroan dabiltzan lagunak eta monitoreak.

Urritasuna duten 24 erabiltzaile biltzen dira gaur egun Berako Uxane okupazio zentroan, ia denak Malerreka eta Bortzirietakoak. Kanpotik heldu zaien lana egiteaz gain, euren ongizatea lantzeko jarduerak egiten dituzte

Irria sumatzen da haien aurpegietan, kontent dauden seinale. Goxo daude, gogotik lanean, koadernatzen, agendak prestatzen edota eskulanetan. Berako Uxane okupazio zentroko lagunak dira. 21-22 urte dituzte gazteenek eta 64 urte zaharrenak eta Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi, Urroz, Oiz, Doneztebe, Sunbilla eta Iruñekoak dira. Astelehenetatik ortziraletara Berako Uxanen egiten dute hitzordua eta goizez eta arratsaldez hortxe egoten dira, bateko eta bertzeko ekintzetan parte hartuz. Beratik kanpo bizi direnek garraio-zerbitzua ere badute Uxanera hurbiltzeko eta etxera bueltatzeko.  


Garuneko paralisia eta bertze gaitz batzuk dituzten 18 urtetik goitiko lagunak hartzen dituzte Uxanen eta euren «hazkunde pertsonala, gizarteratzea eta laneratzea» dira helburu nagusiak. Nafarroako Aspace erakundearen barrenean sartua dago, eta 25 lagunentzako tokia du. Gaur egun, 24 erabiltzaile dira. Aitziber Esnaola Urkia, Irati Lujua Etxenike, Nuria Garate San Jose eta Olaia Iantzi Ordoki monitore eta zaintzaileak dira egunero eurekin egoten direnak, eta astean bitan Cristina Garay terapeuta okupazionala eta Yolanda Sanz zuzendaria. «Momentu zailak» izaten badituzte ere, gustuko dute lana, «bokaziozkoa» eta «hagitz polita» dela diote, baita «atsegina» ere.


Ibilbide luzeko zentroa
40 urte baino gehiagoko ibilbidea du Uxanek. Beharra bazela ikusita, 1977an sortu zen Isabel Pardo eta Patricia Garridoren ekimenez. Legalki gauzak errazteko laster sartu ziren Gipuzkoako Aspacen, eta urtebeteren buruan, Nafarroako Aspacen. Hantxe daude geroztik. Hasiera hartan, hezkuntza bereziko zentro gisa hasi ziren, haur ttikiekin, baina 1989-1990 ikasturtean behar bereziko ikasleak ikastetxeetan integratzeko legea indarrean jarri zenean, okupazio zentro bihurtu zen Uxane.


Kanpoko eta barreneko lanak
Uxanek urte osorako duen aurrekontuaren %80a Nafarroako Gobernuko Ongizate Sailak bideratzen du. Gainerakoa Aspacek hartzen du bere gain. Eguneko martxari dagokionez, alde batetik, goizero, kanpoko enpresek edo partikularrek eskatzen dizkieten lanak egiten dituzte: koadernazio lanak, sukaldeko taulen garbiketa, banaketa lanak (Berako Udalak eskatutako fakturak, UEMAko aldizkariak eta bestetako programak etxez etxe eta baserriz baserri banatu)... «Bakoitzak bere ahalmenaren arabera, baina guztiek parte hartzen dute lan horietan», diote monitoreek.


Bertzalde, kanpoko lan horietaz aparte, «beraien ongizatea eta autonomia lantzeko eta aisialdiari begira» ekintzak egiten dituzte: eskulanak, sukaldaritza, informatika, antzerkia, garbiketa, baratze terapeutikoa, kirol egokituak Berako kiroldegian eta Lesakako igerilekuan... Estimulazio kognitiboa lantzen dute eta boluntarioei esker, baita kantua ere. Astelehenetik ortzegunera 09:00etatik 17:00etara egiten dute hori guztia eta ortzirale eta jaiegunen bezperan, 09:00etatik 15:00etara.


Herriko eta inguruko hitzorduetan ere parte hartzen dute. Berako Lurraren Egunean eta Etxalarko Gasna Feria Egunean, erraterako, «Uxanen egindako artisau lanak saltzen ditugu» eta bildutako diru horri esker, «irteerak eta urteko bazkaria» egiten dituzte. Korrikan ere parte hartzen dute eta Berako inauterietako desfilean ere ateratzen dira «aldarrikapen keinuak eginez». Irakasle baten laguntzarekin eta Berako Udalaren antzerki eskola proiektuari esker lortutako diru-laguntzarekin, urte saila daramatzate antzerkia lantzen ere: «urtero ez bada ere, bizpahiru urtetik behin jende aitzinean egiten dugu eta jendeak hagitz ongi erantzuten du». Berako Labiaga Ikastolarekin ere elkarlanean ari dira, baita Irungo Oiasso Musoarekin ere. Bi urtez arteterapia egin dute.


Mugak
Landa eremuko okupazio zentroa da Uxane eta horregatik, «ezgaitasunak dituzten guztiak hemen» sartzen direla diote monitoreek: «hiriguneetan beharren arabera banatzen dute jendea. Hemen, ordea, bertze zerbitzurik ez dagoenez, denak honat etortzen dira». Gaineratu dutenez, «Uxanek lan mundurako sarrera izan beharko luke, hau da, hemendik pasatzen denak Aspacek dituen lan eskaintzetarako urratsa eman beharko luke». Baina «dauden beharretara egokitu» behar dutela adierazi dute. «Hemen badira lan mundura pasatu eta pasatuko ez diren aunitz». Garbi diote: «inguruan eguneko zentroren bat balitz, adinagatik eta ezgaitasunagatik autonomia galtzen joan direnak eguneko zentro batean sartuko lirateke, eta ez okupazio zentro batean. Inguruan horrelakorik ez dagoenez, Uxanera etortzen dira». Halere, «berriki sartu diren gazteek segur aski lanerako bidea» hartuko dutelakoan daude.


Mugak muga, beharretara egokitu eta aitzinera segitzen dute Uxanen. Are gehiago, urteotan ereindakoa emaitzak ematen ari da eta «kontent» daude horrekin. «Herrian eta eskualdean ezagunak» direla diote monitore eta zaintzaileek, «integratuak» daudela eta «maitatuak» sentitzen direla. Herritarrekin «elkarlanean» aritzeak «inklusioan laguntzen» duela uste dute, eta Uxaneren kokapena ere azpimarratu dute: «Berako Udalari esker hagitz toki onean gaude, herri erdian». Patxi Barandiaran zena ere gogoan izan dute: «Uxaneko obrak eta barreneko egokitzapen guztiak berak ordaindu zituen». Gainerakoan, oztopo arkitektonikoak tarteko, Berako karriketan «zer hobetua» badela dioten arren, gaur egun lortua duten «errekonozimendua» dela eta, esker oneko hitzak dituzte, «eskerrak eman nahi dizkiegu Uxanerengan konfidantza duten guztiei».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun