«Hagitz kontent gabiltza Uxanen»

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 30a, 13:17

Uxaneko erabiltzaile beteranoak dira Mari Nieves Elgorriaga (Bera, 50 urte), Susana Fragoso (Lesaka, 48 urte) eta Bisi Gorostidi (Bera, 64 urte). «Aspalditik» dabiltza Uxanen, eta han eta hemen parte hartuz, «hagitz kontent» joaten direla kontatu digute. Halaxe islatzen du euren aurpegiak ere. Denetariko jarduerak egiten dituzte eta ez dute aspertzeko astirik izaten. Elgorriagak «libretak eta gimnasia egitea eta paseoak ematea» ditu gustukoen. Fragosok, berriz, artisautza maite du: «giltzariak edo betaurrekoentzako sokak bolatxoekin egitea eta koadernatzea». Era berean, «igerilekura joatea eta gimnasia egitea» ere atsegin ditu. Gorostidik maite dituen ekintzak ere aunitz dira: «giltzariak egitea gustatzen zait baita koadernatzen aritzea ere». Horiez gain, «gimnasia egitea, igerilekura joatea eta antzerkia lantzea» ere gustuko du.


Elgorriaga eta Fragoso, asteguneko goizak eta arratsaldeko lehenbiziko orduak Uxanen pasatu ondotik, gurasoen etxera erretiratzen dira. «Uxanetik atera eta trikitixa jotzen dut, eta amarekin eta attarekin paseatzera joaten naiz. Gero, afaldu eta ohatzera». Asteburuak, berriz, «amari etxeko lanetan laguntzeko» aprobetxatzen ditu Elgorriagak.


Fragoso «Uxanetik ateratzean, normalean amarekin ateratzen» da, «baina neguan ilundua izaten denez, ez». Asteburuetan, «goizez eta arratsaldez amarekin» ateratzen dela dio. Gurasoei etxeko lanetan ere laguntzen die: «erosketak egiten, etxea garbitzen, ohatzeak egiten...». Eta herritik kanpora ateratzea ere maite du: «nire hiru ahizpak kanpoan bizi dira eta etortzen direnean, toki aunitzetara eramaten naute. Aunitz gustatzen zait kanpora ateratzea».


Gorostidi, ordea, Maddi egotetxean bizi da, urritasunak dituzten pertsonak elkarrekin bizi diren Aspaceren baitako etxebizitzan, hain zuzen. Eta «kontent» da Maddin.  «Uxanetik atera ondotik, meriendatu» egiten duela dio. Baina ez hori bakarrik. «Pianoa jotzen dut». Horrez gain, «dutxatu, telebista ikusi eta afaldu egiten dugu». Urteotan guztiotan oporretan ibiliz «toki aunitz» ezagutzeko aukera ere izan du.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun