32. Lurraren Egunak borobilduko du urriko azken txanpa Beran

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko urr. 26a, 07:15
Bortzirietako baratzetako produktuak, gasnak eta sagardoak ikusteko eta dastatzeko aukera izanen da igandean Beran.

Larunbatean Lizuniagako Igoera eta barazki-opil lehiaketa eginen dituzte eta igandean gazta eta sagardoarenak

Ekitaldiz betetako asteburua izanen da urriko azkena. Hasi ortziraletik eta iganderaino ez baita aspertzeko astirik izanen. Urriaren 26an, ortziralean liburutegian eginen diren Biodantza joko musikatuen ondotik (18:30), etorriko dira larunbatean eta igandean, Lurraren Egunaren inguruan Gure Txokoak antolatutakoak.

 

Larunbatean, 15:30ean, ttikien lasterketa abiatuko da Iamoteneatik, eta 17:00etan, berriz, Lizuniagako igoeraren 38. edizioa abiatuko da Eztegara pilotalekuaren ataritik. 18:00etan Rosa Errandonearen argazki erakusketa Labiaga Ikastolan irekiko da. 18:30ean XII. barazki-opil lehiaketa hasiko da Altzateko frontoian. 100 euroko saria izanen du irabazleak. 19:00etan Bera kantari ibiliko da eta 20:00etan trikitilariak.

Aipatzekoa da Kataku Ostatuan ere Lurraren Gaua ospatuko dutela larunbat gauerditik aitzinera, Turtukiña DJarekin.

 

XXXII. Lurraren Eguna

Aurten 32. edizioa beteko duen Lurraren Egunarekin borobilduko dute asteburua urriaren 28an. Igandean10:00etan, eskulangileen eta elikadura azoka, barazkien eta Olakoren erakusketak eta tailerrak irekiko dituzte Altzaten eta Merkatuko Plazan. Horrez gain, Bortzirietako 32. gasna lehiaketa eta 21. sagardo lehiaketa ere eginen dituzte igandean. Bortzirietako ekoizlea izan behar da eta 12 euro ordainduko da gazta bakoitzaren truke eta 6 euro sagardo botilaren truke. Gazta lehiaketa irabazten duenak 300 euroko saria eta oroigarri bat eramanen ditu eta bigarrenak 100 euroko saria. Sagardo lehiaketako irabazleak, berriz, 200 euro eskuratuko ditu eta bigarrenak 75 euro. Musikarik ere ez da faltako, ez Altzateko plazan eta ez karriketan ere.

Arratsaldean, 17:00etan, Altzateko plazan, Inaxio Perurenak harri-jasotze erakustaldia eskainiko du. 18:00etan bertsolariek zuzenduko dute sari banaketa eta ondotik, dantzaldia izanen da, muxikoak barne, Jeiki Hadi taldearekin. Egun guztian taloak, jaki eta edari dastatzeak izanen dituzte.

 

 

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun