Ortzegun goiz osoan, Beheko Plazan herriko artisauak izanen dira, eta Plaza Zaharraren bueltan, berriz, aziendak. Gainera, aurten, aitzineko urteetan ez bezala, herriko karriketan barna, postuetan gauzak ikusi eta erosi bitartean, Ezpelur gaiteroen musikaz gozatzeko aukera izanen da. Feria zaleek ez ezik, kirolzaleek izanen dute gozamenerako tartea. Izan ere, herri kirolak eta pilota partidak izanen dira ikusgai. Aizkora apustua 11:00etan izanen da Plaza Zaharrean; pilota partidak, berriz, udal pilotalekuan, arratsaldeko 5:30ean, Garfek antolatuta. Lehen partidan, Elizalde eta Mendizabal ariko dira buruz buru. Bigarrenean Xala eta Aldabe (debuta), Tainta eta Gorrotxategiren kontra. Partida 'telebisatua' izanen dela iragarri dute eta sarrera 10 euro ordaindu beharko da.
Sariak
Gure inguruan aziendak saritzen dituen feria bakanetakoa da Lesakakoa, Aurten ere sariak izanen dituzte. Lehiaketa kategoria desberdinetan banatua dago eta horren arabera banatzen dituzte sariak. Hala, aurkeztuko diren behiak suitza, holandesa eta haragitako kategorietan banatu eta maila bakoitzeko hiru onenak sarituko dituzte, 190, 160 eta 100 euroko sariekin. Zaldietan, 125, 95 eta 50 euroko sariak izanen dira hiru onenentzat.
Azken urteetan bezala, pottoka (100 euro), montura (80 euro) eta poni (70 euro) onenek ere saria jasoko dute eta ahariak ere plazaratu eta saria izanen dute (50 eurokoa lehenbizikoak, 30 eurokoa bigarrenak eta 20 eurokoa hirugarrenak). Sari banaketa eguerdi partean eginen dute eta orduan jakinen da zein diren aurtengo Bortzirietako azienda hoberenen jabeak.
Inguruan besta giroa somatzeko eta bisitariak kantuan edo dantzan hasteko aukerarik ere ez da faltako Plaza Zaharrean. Bertzeak bertze, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolarien txanda izanen da aizkora apostuaren ondotik eta dantzaldia arratsaldeko 6:00etan. Dantzaldiko atsedenaldian, 19:00 aldera, Beti Gazte dantza taldeak lekukoa hartu eta dantzariek beren emanaldia eskainiko dute.
Bezperatik besta giroa
Zalantzarik gabe egun handia ortzegunean bada ere, bezperatik somatuko da besta usaina herrian. Irain eskolako jantokian Azoka Eguna ospatuko dute goizean, urtero bezala. Ikasleek aintzinetik egindako eskulanak salgai jarriko dituzte eta gurasoek berriz hamaiketako goxoa; patata tortilak, bizkotxoak, fruitu lehorrak ... Zentimo guttiren truke erosi ahal izanen dira guztiak.
Azken urteetan egin izan den bezala, arratsaldeko 6:00etan Lesakako Trikitixa Taldea herria girotzen hasiko da. Ordu berean, Beti Gazte elkarteak antolaturiko ajoarriero lehiaketa eginen da Beheko Plazan (eguraldi txarra eginen balu, berriz, Alondegiko arkupeetan eginen dute).
Bikoteka prestatuko da bakailaoa eta parte-hartzaileek bakailaoa eta hori prestatzeko behar dituzten gas-sukaldea, kazula, zartagina eta bertzelako tresneria eraman beharko dituzte; baratxuria, olioa eta gatza, berriz, antolakuntzak emanen dizkie. Era berean, elkarteak 40 eurona emanen dizkie parte hartzen duten bikoteei. Sariak sailkapen hoberena duten lehendabiziko hiru bikoteentzat izanen dira. Lehiaketaren ondotik, ikustera hurbildutakoek ajoarrieroa dastatzeko aukera izanen dute.