Urrian erretiroa hartu bazuen ere, «denbora dastatzeko» aukera anitzik ez du izan. Areago, dagoeneko azaroko urteroko hitzorduari begira dago. Herritar anitzentzat bezala, Modesto Maiarentzat «plaza inguruan sortzen den baserriko giroak, bertsolarien saioak eta bertzelako ekitaldiek egun polita pasatzeko aukera eskaintzen dute». Horixe da hain zuzen, urtez urte lantokian jaieguna eskatu eta herriko ferietan izaten den saltsaz gozatzeko aitzakia.
Tradizio luzeko hitzordua
Lesakako feriak tradizio luzeko feriak dira. Zehazki, 1499an hasi ziren ospatzen. Garai batean, «hamabortz egunetarik behin, ortzegunetan, merkatua egiten zen» eta azaroako hitzorduari «merkatu eta merkatu arteko feria zeritzon». Egun handia ortzeguna izanagatik, «bezperan merkatu hautsia ospatzen zen, baserritarrentzat hutsik egin gabeko besta izaten zena».
Halere, ezin erran daiteke ferien berezkotasuna bere horretan mantendu denik, «bizimoduak aldatzeak, ferien izaera aldatzea eragin baitu». Garai bateko «aziendaren balioa galdu da», eta horrek, egun «tradizioari eusten zaiola islatu nahi badu ere, besta ederra egiteko aitzakia da aziendak eskaintzen duena». Behi eroen sindromea pil-pilean egon zen urtean, esaterako, «gai horretan aditua zen albaitari bat ekarri eta hitzaldira ez zen inor agertu. Argi dago lesakarrok hitzaldietarako baino bestarako zaletasun handiagoa dugula!».
Bortz herrietako lehiaketa
Feria horren berezitasun nagusia «bortz herrietako azienda lehiaketa» izatea da. Garai batean lesakarrak bakarrik aurkezten ziren, eta bereziki, «esne-behiak plazaratzen ziren». Halaber, sariak «familientzat laguntza ekonomikoa» ziren. Ondotik, industria gailentzearen ondorioz, «eta guri dagokigunez Lesakako fabrikaren sorrerak», nekazaritzaren beherakada gertatzea ekarri zuen. Herritar anitzek «behiak kendu zituzten, eta kendu ez zituztenengan ere bertzelako balioa hartu zuen: bizitzeko bitarteko izatetik, osagarri izatera igaro baitziren». Horren lekuko da ondoko datua: «garai batean 150 bat baserrik saltzen bazuten behi-esnea egun bi baino ez dira gelditzen».
Hori horrela, arront azienda guttiko urteak izan ziren. Baina «sariak handitu eta lehiaketan parte hartzeko gonbidapena bortz herrietara hedatuz, parte-hartzea areagotzea lortu zen». Gaur egun, «haragitako behiak ateratzen dira», baina «zalantzarik gabe, behor eta zaldiak dira nagusi». Azienda aldaketez gain, postu kopurua ere izugarri hazi dela nabarmendu du Maiak: «gaztetan 20 postu baldin bazeuden... ez zen artisaurik eta halakorik... orain aukera izugarria dago, 100 postutik goiti izaten dira».
Besta eta lana uztartuz
Udaletxean jai eskatuta ere, ezin erran ferietan lanik egiten ez duenik: «aziendak zenbatzen ibilia naiz, baita lehiaketako puntuazioa bildu eta kontatzen ere».
Bezperan, ajoarriero lehiaketaren antolatzen ibiltzen da. Lehiaketa sortu zenean «hiru bat bikote ziren aurkezten zirenak, azken urteetan, ordea, 10-12 bat izaten dira, nahiko egonkortua dago». Gainera, hor eginiko ajoarrieroaz gain, ostatuei bakailaoa eraman eta prestatzeko ere eskatzen diete «eta eskertzekoa da beren lana, gehienek egiten baitigute». Postrea ere bertatik bertara izaten dute, gaztain saltzailea etortzen baitzaie. Hori guztia «Herriko Etxearen laguntzaz» antolatzen dute.
Bertze hainbat ekitaldi
Halere, azpimarragarria da feria bezperakoa Beti Gaztek antolaturiko ekitaldietako bat baino ez dela. Pisu gehiena zalantzarik gabe futbolak hartzen du, «200 bat lagun aritzen dira haur eta heldu, gizon zein emakumeak». Futbola ez ezik, mendi irteerak ere maiz egiten dira, «ia igandero nahiz eta ez diren horrenbertze iragartzen». Era berean, ekaineko azken igandean, «Agiñan, Aita Donostiaren monumentuan hildako mendizaleei omenaldia» egiten zaie eta «txistorrada ere antolatzen da». Bertzalde, omenaldia ez ezik, zenbait ateraldi «urtero» egiten dituzte. Pirinioetara, adibidez, «uztaila aldera joaten gara eta autobusa paratzen dugu». Urte bukaeran, berriz, «Aiako harrira» igotzen dira.
Kirol arloko jarduerek ez ezik, bertzelakoek ere badute beren tokia. Herriko datu historikoak, kulturalak eta bitxikeriak biltzeko Ezagutu dezagun Lesaka deritzon galdetegia egiten da, haurrei bideratua. Horrekin «herriko datuak bildu eta noizbait liburuxka bat egitea da asmoa». Ekaineko lehendabiziko igandean, berriz, pintura lehiaketa egiten da, «duela lau urte hasi ginen eta egia erran, hasieratik hagitz arrakastatsua izan da. Literatura zaleentzat «irakurketa taldea ere badago» eta ttikienek, ikastola eta eskolako haurrek «ipuin lehia-ketan» parte hartzen dute. Halere, «pixkanaka-pixkanaka» zaletasun guztiek beren tokia izan dezaten, «jarduera gehiago sortzen ari dira». Berriki, «Mari Sol Irigoienek Bortzirietako emakumez osaturiko dantza taldea sortu du».
Zer ikusi, hura ikasi
Anaia zaharrenaren urratsak jarraitu ditu gaztetatik, «haren arrimuan sartu nintzen Beti Gazten, 13 bat urterekin». Momentu hartan, «anaia zuzendaritzan zegoen eta eskolatik ateratzerakoan, baserrira joan aitzinetik, ate-sareak kentzera, belarra segaz moztera... bidaltzen ninduen».
Kuadrilan ere nahiko mugituak izan direla kontatu digu: «antzerkiak, aizkora apustuak, koadrilako bestak, bertso saioak... egiten genituen. Atera kontuak, Zakuto, mil paridas por minuto izeneko aldizkari baten lau ale ere editatu genituen, orain, galdu izanaren pena handia dugu».
Gogoa izatea eta herria maitatzea nahikoak omen dira ekitaldi guztien erdian ibiltzeko. Maiaren kasuan, «Lesaka hagitz maitea izaki, saltsa guztietan» ibiltzen dela erran digu: «hagitz nekatua egonagatik, ekitaldia akitu orduko indarberritu eta hurrengorako prest egoten naiz».