Lesakako Sanferminak uztailaren 6tik 10era ospatuko dituzte

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko uzt. 4a, 07:50
Uztailaren 7an, ortzirale eguerdi partean dantzatuko dute Zubigainekoa.

Modesto Maia udal langileak eta Tomas Rekondo musikari eta okinak botako dute txupinazoa ortzegun eguerdian 

Lesakako Sanfermin bestak uztailaren 6tik 10era ospatuko dituzte, beti bezala, uztailaren 6an, ortzegun eguerdiko 12:00etan botako den txupinazoarekin. Aurtengoan, 37 urtez udal langilea den eta urrian erretiroa hartuko duen Modesto Maia eta Musika bandan 65 urtez klarinetea jo duen Tomas Rekondo okina izanen dira lehen suziria pizteko arduradunak. Ohikoa denez, San Fermin egunean ezpatadanzariak izanen dira protagonista eta Lesakako bestaren irudia den Zubigainekoa dantzatuko dute Onin errekaren bi aldeetan.

 

UZTAILAK 6, ORTZEGUNA

12:00 Herriko Etxetik altxaferoa botako dute bestei hasiera emanez. Ordu  berean txistulariek, soinulariek, trikitilariek, Elutxa Txarangak eta haur ttikien danborradak girotuko dizkigute herriko kaleak euren soinu alaiekin.17:30: Frontoian, Tantirumairu Euskal Folklore Taldearen erakustaldia. 20:00: Peña guzien ordezkariek altxaferoa bota ondoren danborrada nagusia abiatuko da, Erraldoi eta Buruhandi, danbor-jole eta soinulari eta Lesakako Bandaren laguntzarekin, herri osoari itzulia emanen diote. Gauez  Musika Plaza Zaharrean Laiotz taldearekin.

 

UZTAILAK 7 , ORTZIRALEA

08:30 Ezpata-dantzarien meza isila. Joan-etorria Txistulari bandaren laguntzaz eginen da. 10:30 Udalbatza bertze agintariekin, Ezpata-dantzari eta Musika Bandarekin batera, herriko ikurrak aitzinean dituztela, abiatuko dira Herriko Etxetik elizara, Meza Nagusira. Bertan, Lesakako Abesbatzak parte hartuko du. Meza ondotik, Fermin Zaindariaren irudiarekin herri guzitik prozesioa. Ibilaldia berriro Elizan burutu ondoren, Udalbatza, lehen aipatutakoekin, mezara joan diren moduan jaitsiko dira Eskolttikira, Onin errekaren bi aldeetan egiten den Zubigainekoa dantza ikustera, XV. mendean lesakarren artean lortu zen bakea oroitarazten diguna. Segidan, Bandera-arbola doinuari dagokion ikurrin-agurra zubi gainean. Agur edo dantza bera Plaza Zaharrean, ikurra Herriko-etxera igan aitzinean. 18:00 Bezperak. Lesakako Abesbatzak kantatuko du eta ondoren, ohiturari jarraituz, Ezpata-dantzari taldeak Mutil-dantza, Neska-dantza, Aurreskua eta Jotak dantzatuko ditu Plaza Zaharrean. 19:30 Plaza Zaharrean, bertso jaialdia, Arrano Elkarteak antolatua. Bertsolariak: Amets Arzallus, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Eneko Fernandez. Gai-jartzailea: Iban Garro. Gauean, Musika Plaza Zaharrean Trikidantz taldearekin.

 

UZTAILAK 8, LARUNBATA

09:00 Peñen gosaria.10:00 Peñen danborrada, Elutxa Txarangarekin. 11:00 Haurrentzako entzierroa Ote kalea eta Plaza Zaharraren artean. 12:00 Betizuak, Plaza Zaharrean Elutxa Txarangarekin. 17:00 Plaza Zaharrean haurrentzako ikuskizuna. 18:00 Peñen kontzentrazioa Elutxa Txarangarekin Peñen jaitsierarako. Arratsaldez eta gauez  Oharkabe taldearen emanaldia Plaza Zaharrean.

 

UZTAILAK 9, IGANDEA

10:30 Haur eta gurasoen danborrada Elutxa Txarangak lagunduta. Goiz eta arratsaldez, Haur ikuskizunak Eltzeta plazan.12:00 Betizuak Plaza Zaharrean Elutxa Txarangarekin. 18:00 Frontoian eskuzko pilota partidu profesionalak. Arratsaldez Elutxa Txaranga kalez kale. Arratsalde eta gauez Trakets taldearen emanaldia Plaza Zaharrean.

 

UZTAILAK 10, ASTELEHENA

11:00 Haurrentzako entzierroa: Ote Karrika-Plaza Zaharra. 11:30 Andra Mari Zahar Etxeko lorategian, Nafarroako Jotak. San Fermin Jubilatu eta Pentsionisten Elkarteak antolatuta. 11:30 Gorriti eta bere animaliak Bittiriako Plazan. 12:00 Betizuak Plaza Zaharrean, Elutxa Txarangarekin. 17:00 Haur ikuskizuna Harriondoa Kultur Etxearen inguruan. 18:00 Plaza Zaharrean, Nafarroako Jotak. 20:00 Txakaindik jatsiera, Zortziko doinuarekin. Arratsaldez eta gauez, Tximeleta taldearen emanaldia Plaza Zaharrean. 0ndotik Jai-hilak Elutxa Txarangarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun