«Sanferminetan konpromiso aunitz ditut baina horrela gozatzen dut»

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 4a, 11:22

Garazi Condek irabazi du lehen aldiz Lesakako Sanferminetako kartel lehiaketa.

Garazi Conde, Sanferminetako kartel lehiaketako irabazlea

Hilabete baino ez da Mexikotik etorri zela, eta lur hartzeko asti haundirik izan gabe lanean hasi da 22 urteko lesakar gaztea: txozna batzordean, Gazte Asanbladan, Nafarroa Oinezeko Komunikazio Batzordean... Halakoxea baita bera, han eta hemen auzolanean ariz, gustura bizi dena. 

 

Herrian «aunitz ibiltzen» den neska izateaz gain, badu maite duen bertze pasio bat ere, eta hala aitortu digu berak ere: «diseinu grafikoa aunitz gustatzen zait.Beti gustatu izan zait gauzak eskuekin egitea, artea... ». Horri tiraka egin ditu ikasketak ere: Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritzako Gradua egin baitu. Gainera, ikasketak tarteko, urruti ibili da: Mexikoko unibertsitate batean egin du ikasketetako azken urtea: «urte bat pasatu dut han, eta hagitz esperientzia ederra izan da. Praktikak ere han egin ditut eta hagitz ongi ibili naiz». Orain, berriz, gradu amaierako lana egiten ari omen da eta «uztailean graduatzea espero dut».

Aitortu digunez, «gerora diseinu grafikora dedikatzea gustatuko litzaidake». Eta badu artea. Lortutako emaitzak dira lekuko. Aurten sanferminetako kartel lehiaketa irabazi du, baita Arantza Rockeko kartel lehiaketa ere. Kartel saila egindakoa bada ere, aurten lehenbiziko aldiz aurkeztu omen da herriko bestetako lehiaketara: «urtero egin behar nuela erraten nuen, gustatzen zaidalako eta kartel aunitz egiten ditudalako bertzela ere, baina ez nuen egiten». Aurten, ordea, eman du pausoa: «Mexikotik bi proposamen bidali nituen eta kasualitatez, niri gehien gustatzen zaidanak irabazi du». Saria «sorpresaz» hartu duela ere azaldu digu: «ez nuen pentsatuko lehiaketa irabaziko nuenik. Lesaka herri kontserbadorea iruditzen zait zentzu zabalean, eta kartel honek pixka bat modernotik badu». Baina lortu du saria, eta nola ez, pozik dago.

 

EZPATADANTZARIRIK GABEKO KARTELA

Txupinazoko momentua ageri da kartel irabazlean: «azken urteetako kartelak beti ezpatadantzarietan oinarrituak izan direla iruditzen zitzaidan, eta hagitz ongi dago, baina niretzako ez zuten sanferminen esentzia guztia errepresentatzen». Hori gogoan sortu zuen bere kartela: «dena txupinazoarekin hasten denez, horrekin zerbait egitea erabaki nuen». Bere kartela «xumea» dela dio, hori delako bere estiloa: «alderdi minimalista gustatzen zait, gauzen kontzeptura, oinarrira joatekoa naiz».

 

LANA ETA BESTA

Atsegin ditu sanferminak, «herriko bestak hoberenak dira» beretzako, baina bestetan dena ez da parranda: «konpromiso aunitz izaten ditut, mila gauzetan parte hartzen dudalako. Txosna batzordean hagitz aktibo, Gazte Asanbladarekin lanean, Tantirudantzan dantzan  nahiz eta aurten ez naizen ariko...». Baina gustuko tokian ez baita maldarik izaten: «mila kontu izaten ditugu, baina horrela ere gozatzen dut». Bada hutsik egiten ez duen ekitaldi bat ere: txupinazoa. «Ez da munduko txupinazorik hoberena, baina gurea da», dio. Hortik aparte, egunean egunekoarekin disfrutatu nahi izaten du: «egun guztiek badute zerbait gustatzen zaidana. Peñen Eguna ederra da, baina ustekabean besta ederrak egiten ditugun egunak ere gustatzen zaizkit».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun