Lesakako dantza taldearen sekretu gehienak aski ezagunak zaizkio, bera arduratzen baita taldeko funtzionamendurako behar diren hainbat gestio egiteaz: «irakasleak bilatu eta euren eta ikasleen arteko harremanak bideratu, irakasleekin batera ordutegiak antolatu, jantziak banatu eta jaso, irteeretako harremanak bideratu eta autobusak enkargatu, gurasoei beharrezkoak diren oharrak bidali…», emanaldi borobilak eskaintzeko guztiaren beharra izaten baita.
HANDITZEN JOAN DEN TALDEA
Iaz bete zuen mende laurdena Tantirumairu dantza taldeak eta sorrerako testuinguruaz galdetuta azaldu digu Ikastolatik sortutako taldea dela, «bertako ikasleek Lesakako dantzak, bereziki, eta euskal dantzak orokorrean ikasi ahal izateko sortu zen taldea». Denborarekin, helduen taldea ere osatu zen, Tantirumairu izenarekin jarraituz, «baina izaera eta funtzionamendu propioa duen taldea eratuz».
Gaur egun, 167 dantzarik osatzen dute taldea eta urte hauetan guztietan, kide kopuruan soilik ez, dantzatzeko moduan ere izan dute eboluzioa: «Euskal Herriko gainerako taldeetan ere eman den antzeko fenomenoak bizitu izan dira gure taldean». Neskato eta mutikoen dantzen artean historikoki egon izan den banaketa orain gutxitu dela uste du: «duela 35 urte genero aldetik dantzak orokorrean gehiago bereizten ziren. Bertzalde, tradiziozko dantza eta pausoetan oinarritutako koreografia berriak sortu eta lantzeko modak gure taldean ere indar handia izan du». Baina sustraiak ongi errotuak ditu taldeak «tradizioa edo modernitatearen arteko oreka bilatzea baino, emanaldi edo saio bakoitzarekin zer landu eta zer lortu nahi den kontuan izatea da garrantzitsuena. Normalean horrek baldintzatzen du hartuko duzun bidea. Edozein moduz, gure oinarrian ia beti tradiziozko pausoak daude». Bere ustez, Tantirumairu dantza taldea definitzerako orduan «dantzak baino, gauza berriak probatzeko prestutasunak definitzen du taldea. Antzerkiarekin jolastu du, musika berriak probatu ditu, olerkietan oinarritutako emanaldiak eskaini...».
Herriko bestak ailegatzen direnean arropa zuri-gorriak jantzi eta ekitaldi batetik bertzera ibiltzen da Garbiñe. Tantirumairu dantza taldeko zereginak ere izaten ditu tartean: «uztailaren 6an jaialdia izaten dugu frontoian eta altxaferora joan ondotik, arratsaldean goiz xamar dantzariak prestatzera joaten naiz». Dena ez da lana ordea, «emanaldiaren ondotik, 16 urtetik goitiko taldekideekin afaltzera joaten gara». Uztailaren 7an, ez du hutsik egiten dantza emanaldietara «goiz eta arratsaldez joaten gara dantzak ikustera» eta uztailaren 8an peñen danborradan atera izan da «nahiz eta azken urteetan aukerarik ez dudan izan. Aurten ere ez naiz aterako Nafarroa Oinezeko dendan egonen naizelako». Danborradan aterako ez bada ere, etxeko ttikienekin beteko du urteroko ohitura «semeekin barreratik xexenak ikustera joaten naiz eta eurekin zerbait hartzen dut». Posible duenean peñakoekin bazkaltzen du «eta arratsaldez dantzan ibiltzen naiz txarangarekin». Uztailaren 9an, etxekoekin osatzen du egun osoko plana «semeekin xexenak ikusi eta beraientzako prestatuak izaten diren ekitaldietara joaten gara. Gorriti eta bere animaliak, ikuskizunen bat... eta barraketara ere bueltaren bat egin behar izaten da. Egun horretan, kanpoan afaltzen dugu etxekoekin». Eta bestei bukaera borobila emateko, uztailaren 10ean danborra gogor astinduko du, «danborradan atera eta xexenak ikusten ditugu goizean. Zerbait hartu eta bazkaltzera joaten gara. Azken urteetan Txakainen eta iaz eta aurten etxean,.Arratsaldez Txakaingo jeitsiera ikusi eta kanpoan afaltzeko ohitura dugu».
EGITARAUARI ERREPASOA
Garbiñeren ustez, egun guztiak badute berezitasunen bat, «baina egia esan neretzat aurreneko hirurak berexiagoak dira». Egitarauari errepasoa egiten hasita, zer kendu eta zer jarri aipatu du «xexenak hiru egunez egotea sobera da. Musika talde edo ikuskizun ezberdinak gehituko nituzke nik, bertze ordutegi eta tokietan, berbena itxurakoa ez den zerbait».
GIROAN ALDAKETA
Eguneko edo gaueko giroa nahiago duen galdetuta, «egunekoa nahiago dut, nahiz eta 6ko gauean kanpoan ere gustura egon. Bertze egunetan beti egunez bertzerik ez nabil». Eguneko giroan ez omen du aldaketarik nabari «baina badakit gauez eta astebukaeretan berexiki kanpotik datozenak ez dutela besta lehen bezala egiten, askotan ez omen dira herrira hurbiltzen. Kanpinetan gelditzen dira eta beraiek etxetik ekarritakoa bertan hartzen pasatzen dute gaua».