Zigako Josean Etxeberriak irabazi du Euskadiko hirugarren mailako aizkora txapelketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urr. 3a, 11:00
Josean Etxeberria, Euskadiko hirugarren mailako aizkora txapelketan txapeldun, bazterretik erakusle izan zuen Felix Etxeberria aitarekin.

Igantzin larunbatean jokatutako txapelketaren ondotik, herriko gazteek ere saio ikusgarria eskaini zuten

Zigako Josean Etxeberrik irabazi zuen urriaren 1ean Igantzin jokatutako Euskadiko hirugarren mailako aizkora txapelketaren finala. Txapelaz gain, heldu den urtean Euskadiko bigarren mailan aritzeko eskubidea ere irabazi zuen, Igantzin bigarren izan zen Arostegiko Oier Kañamaresek bezalaxe.

Hiru kanaerdiko eta 60 ontzako bi enbor mozteko 14 minutu, 15 segundo eta 69 zentesima behar izan zituen. Aipatu bezala, mailaz igotzeko aukera ematen zuen bigarren postua Arostegiko Oier Kañamaresek lortu zuen, hiru segundo eskasengatik (14 minutu, 45 segundo eta 47 zentesima) gainditu baitzuen Idiazabalgo Aitor Urteaga (14:48.39. Laugarren postua bertze gipuzkoar batek lortu zuen, Jokin Alkizaletek eta Eneko Saralegi leitzarrak eta Asier Pellejero aresoarrak itxi zuten sailkapena.

Txapeldunak hasieratik hartu zuen probaren burua, bazterretik Felix Etxeberria aita eta aizkolaria gidari zuela, eta bere abantailari eutsi zion saio osoan, nahiz eta Kañamares eta Urteaga dexente hurbildu zitzaizkion azken aurreko enborrean. Azkenean, minutu erdiko aldea atera zion bigarrenari.

 

SAILKAPENAK

1. Josean Etxeberria 14:15.69

2. Oier Kañamares 14:45.47

3. Aitor Urteaga 14:48.39

4. Jokin Alkizalete 15:37.52

5. Eneko Saralegi 15:53:07

6. Asier Pellejero 16:30.00

 

Igantziko gazteen saio ikusgarria

Azken urteetako ohiturari eutsiz, txapelketa ofizialaren ondotik herri kirol saio berezi eta ikusgarria eskaini zuten Igantziko gazteek. Aurtengoan, bi taldeak, zapel gorriak eta zapel beltzak, lehian aritu ziren aitzinako jokoekin osatutako proba konbinatuan: toka jokoa, uztaia eramatea, soka saltoa, sagarra biltzea kizkiarekin, sagar saskia bizkarrean hartu eta oztopo lasterketa, motozerrarekin aulki bat egitea eta aulki horretan jarri eta sagarra zuritzea.

Ondotik, proba “sorpresa” ere egin zuten, artzain zakur lehiaketa hain zuzen. Kasu honetan, ardiak egitazkoak ziren, baina zakurrak, mozorrotutako eta begiak estalitako gazteak ziren. Ikusgarria eta irrigarria suertatu zen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun