Beraiekin batera, Beragazte elkarteko hainbat neska-mutil igo dira Herriko Etxera. «Normalean plazan egoten gara egun honekin eta arraroa da hemen goitian egotean, baina hau ere bestetan parte hartzea da eta gustora egin dugu. Bide batez, aldarrikapenen bat egiteko aukera polita da», zioten.
Lehen suziriak piztu eta ezkil jotzearekin batera lehertu da besta Beran. Erraldoi eta buruhaundi konpartsak bere dantza eta korrika saioak egin ditu, Ezpelur gaiteroen eta Incansables txarangarekin batera. Erraldoien taldean, Xabi eta Ander Alzuri anaiak ziren kide berriak.
EH Bilduk ez du parte hartuko prozesioan
San Esteban egun handia ospatuko dute bihar Beran, egitarau zabalarekin. Berako EHBildutik jakinarazi dutenez, ez dute parte hartuko Udaletik San Esteban elizara egiten den prozesioan. «Bandera eramatean ardura, Gure Txokoa dantza taldeko dantzariek hartu dute gogo onez», dio idatziak. «Badira urte batzuk Berako bestetan, San Esteban egunean egiten den prozesioa aldatzeko beharra ikusten genuela EH Bildutik. Prozesio hauek sortu ziren egunetik gaur egun arte gizartea aunitz aldatu da eta orduan eliza eta udalak harreman haundia bazuten ere gaur egun lotura hori ia ia ez da existitzen. Gure ustez elizaren ekitaldia eta udalarena berezi egin behar dira».
Elizarako prozesioaren ordez meza ondotik egiten den bandera dantzatzeko protokoloan parte hartuko dute EH Bilduko zinegotziek, honetan aldaketa ttiki bat eginez. Bandera dantzatuko duen pertsonarekin batera ateriko da udalbatza plazara eta bandera dantzatu ondotik buelta arkupetara. «Ohitura eta tradizioak poliki poliki garai berrietara egokitu behar dutela uste dugu eta norabide horretan joaki da pausu hau ere» erranez bukatzen da EH Bilduren oharra.
PROGRAMA
Abuztuak 2, asteartea
18:30ean Kukaña Illekuetan, Incansables Txarangak alaituta. 19:00etan Berako txistularien kalejira, Illekuetatik Herriko plazara. 19:00etan Berako txosnen irekiera. 19:30ean Kontzertua Altzateko plazan Kolpatu taldearekin. 20:00etan Dantza jaialdia Eztegara pilotalekuan. 00:00etan Kontzertua Altzateko plazan Tumatxak taldearekin. Egun osoan Incansables txaranga.
Abuztuak 3, asteazkena
09:00etan Herriko txistulariek argi-soinua joko dute; Ezpelur gaiteroek herrian barna joko dute. 10:30ean Udalbatza, txistulariak, makil dantzariak eta Berako bandera aitzinean dutela, Herriko Etxetik San Esteban elizara abiatuko dira, Esteban Donearen ohoretan eta Berako abesbatzak lagundurik emanen den meza nagusira. Meza ondotik, Gure Txokoa dantza taldeko kideek Berako Makildantzak eta Bordondantza dantzatuko dute txistularien laguntzaz. Gero, Julio Soto eta Nerea Ibarzabal bertsolariek kantatuko dute. 13:00etan Ezpelur gaiteroak Ibardinen ibiliko dira. 18:00etan Gure Txokoa dantza taldeak Berako aurreskua dantzatuko du Herriko Etxeko plazan txistularien laguntzaz. Gero, Berako bandaren kontzertua Herriko Etxeko plazan. 21:00etan Dantza herrikoiak Altzateko karrikan Ezpelur gaiteroen laguntzarekin. 23:00etan Suaparta ikuskizuna Herriko etxea plazan: txalaparta eta sua Paxkal Indo eta Paxkalin Chabagnoren eskutik. 00:00etan Dantzaldia Altzateko plazan Saltoka Taldearekin. Egun osoan Incansables txaranga.
Abuztuak 4, ortzeguna
09:00etan Ezpelur gaiteroak Dornakun ibiliko dira, eta Bera kantari Zalain auzoan. 11:30ean Berako igerilekuan haur eta gazteentzat XIX. Igeriketa Txapelketa. 12:00etan Danborrada Herriko Etxeko plazatik Altzateko plazara. 13:00etan Kukaña Illekuetan. 14:00etan Bertso bazkaria: Onintza Enbeita, Uxue Alberdi eta Miren Amurizarekin. 18:00etan Pilotari profesionalen arteko partidak Eztegara pilotalekuan. Aspeko pilotariak ariko dira. Sarrerak Puri-enean eta Zalainen daude salgai 25 eurotan. 18:00etan Hor konpon Marianton! 3-8 urte bitarteko haurrentzako ikuskizuna, Altzateko pilotalekuan. 18:00etan Cumbiam’bero txarangarekin kalejira-poteoa. 19:30ean Cumbiam’bero taldearen kontzertua Altzateko plazan. 21:00etan Dantza herrikoiak Ezpelur gaiteroekin Altzateko karrikan. 00:00etan Dj Tirri & Tery Altzateko plazan. Egun osoan zehar Incansables txaranga karrikaz.
Abuztuak 5, ortziralea
09:00etan Musika eskolako trikitilariak eta panderojoleak Suspelan ariko dira eta Ezpelur gaiteroak Kaule auzoan. 10:00etan Plater tiroketa, ehiza ibilaldia modalitatean. Beratarrentzat. Ondotik gosaria banatuko da. 10:30ean Herriko pilotarien pilota partidak: Benjaminak, alebinak, infantilak eta helduak. 12:30ean Kantxa 2016 txapelketa Eztegara pilotalekuan. 12:30ean Erraldoi eta buruhaundiak Ezpelur gaiteroekin batera ibiliko dira Agerran. 13:00etan Kukaña Illekuetan. 14:00etan Kantu bazkaria Altzateko pilotalekuan. 18:00etan Kukaña, Illekuetan. 19:00etan Migattuak Herriko Etxea plazan. 19:30ean Berbena Alaiki taldearekin Altzateko plazan. 21:00etan Hautsontzi&Zerbeza zuzeneko irrati saioa txosnagunetik. 21:00etan Dantza herrikoiak Ezpelur gaiteroekin Altzateko karrikan. Ondotik Suzko zezena aterako da Altzateko karrikan. 00:00etan Alaiki taldearen kontzertua Altzateko plazan. Egun osoan Incansables txaranga karrikaz karrika ibiliko da.
Abuztuak 6, larunbata
09:00etan Musika eskolako biolinak eta Ezpelur gaiteroak Garaitarreta eta Suspelttiki auzoetan ibiliko dira. 10:00etatik 14:00etara Puzgarriak Eztegara pilotalekuan. 12:00etan Erraldoiak eta buruhaundiak Altzatetik Herriko Etxera, Ezpelur gaiteroek lagunduta. Agurra erraldoi eta buruhaundiei. 14:30ean Herri bazkaria, paella jatea Herriko Etxeko plazan. Eguraldi txarra eginez gero Altzateko pilotalekuan. Sarrerak salgai abuztuaren 1era arte Xuga eta Errekalde ostatuetan. 18:00etan Magiklown haurrentzako ikuskizuna Altzateko pilotalekuan. 18:00etan Kukaña Illekuetan. 19:00etan Etxera! Elkartasun kalejira Mukixutik Altzateko plazara. 19:30ean Balerdi Balerdi taldearen kontzertua. 21:00etan Dantza herrikoiak Ezpelur gaiteroekin Altzateko karrikan. Ondotik Suzko zezena aterako da Altzateko karrikan. 23:00etan Jou Jou Dou eta Tiktara taldeen kontzertua Altzateko plazan. Egun osoan zehar Incansables txaranga karrikaz karrika ibiliko da.