Lurraren Egunaren 29. edizioak jendez gainezka bete zituen Berako karrikak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko urr. 26a, 07:42

Eskulangileen lanak eta elikadura postuetaz gain, baserrietatik bildutako uzta polita ikusgai izan zen Lurraren Egunean.

Berako Garmendiko bordako Socorro Almandozek irabazi zuen gazta lehiaketa eta Alkaiagako Iñaki Pikabeak sagardoarena

Udazkeneko eguraldi goxoa lagun, jendetza bildu zen urriaren 25ean Beran, Gure Txokoak hogeita bederatzigarren aldiz antolatutako Lurraren Egunean. Egun bat eskulangileren eta 30 elikadura produktuen postu baino gehiago hedatu ziren Altzateko karrikan, Altzateko Plazan, Ricardo Baroja eskolan eta Illekuetako zubiko bertze aldean ere, Merkatuko Plazan. Ikusi argazkiak

 

Hain zuzen, Merkatuko Plazan garai bateko laborantza tresnak ikusteko aukera ere bazen, kabamarruak, arraztuluak, laiak, kanadrak edo zebilak, erraterako, baita aitzinako traktoreren bat ere.

Bien bitartean, 29. Gazta lehiaketako eta 18. Sagardo lehiaketako epaimahaiak lanean ari ziren, azken hauek Karnesenean, Altzateko etxe historikoan.

Gazta lehiaketan hameka ale aurkeztu ziren eta horien artean, iaz bezala, Berako Garmendiko bordako Sokorro Almandozek eraman zuen 300 euroko lehen saria eta Arantzako Seroren bordako Margarita Madariagak bigarrena, 100 eurokoa. Sagardo lehiaketara, berriz, 16 botil sagardo aurkeztu ziren eta horien artean, Alkaiagako Iñaki Pikabea Zubietak aurkeztutakoak eskuratu zuen 200 euroko lehen saria. 75 euroko bigarren saria Berako Maleteneko Alejandro Altzugurenek eraman zuen.

Egun osoan, besta giroa bizitu zen Beran eta horretan lagundu zuen musika eskolako trikitixa taldeak, musika bandak, txistulari eta txalapartari taldeek eta musika eskolako talde zeltiarrak. Ikastetxe ezberdinetako ikasleek ere, bere produktuak eta zozketak salgai paratu zituzten, gehienek ikasbidaiak ordaintzeko. Lurraren Eguneko lantaldeak taloak prestatu zituen. Ikastolako aretoan, Rosa Errandoneak paratutako argazki erakusketa ikusgai izan zen, Berako musika eta musikariak protagonista zuena. Garai bateko eta oraingo musikariak, musika taldeak, musika banda (tartean 1885. Urteko argazki bat) eta txarangen argazkiak eta prentsa-errekorteak ikus zitezkeen.

Bezperan, bederatzigarren barazkiopil lehiaketa ere egin zen. Trikitilariek eta Bera Kantuz taldeak giroa ederki berotu zuten. Hamalau koadrilen artean, Alkaiagako taldeak (Juan Luis Pikabea, Andoni Pollo Offroy eta Patxi Pikabea) aurkeztutako hanburguesa itxurako opilak lortu zuten lehen saria, 100 euro eta kaja bat ardo. Bigarren saria, kaja bat ardo, Iratxe Zelaieta eta Pili Pajaresentzat izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun