Andres Etxenike Iriarte Bertizaranako alkateak, Jexux Etxarte Ansalas Legasako alkateak, Igor Lopez de Uralde Gutierrez udal arkitektoak eta Maria Azpiroz Hernandorena Legasako eskolako zuzendariak parte hartu zuten Nafarroako Parlamentuaren lansaioan. Hasteko, arazoa esplikatu zuten. Herrigunetik zirkulazio handia pasatzen dela azpimarratu zuten, «egunean 200 ibilgailu», eta bide horretatik, bertzeak bertze, Legasako eskolako ikasleak ibiltzen direla gehitu zuten, arrisku handiko egoerak sortuz.
Arazoa esplikatuta, horri soluzioa emateko esku artean duten saihesbidearen proiektua ere aurkeztu zuten. 320.000 euro kostako litzateke eta trafikoa Legasako herrigunetik aterako luke. Zehazki, Arcelor lantegiaren eta herriaren artean eraiki nahi dute saihesbidea.
Legasako ordezkarien ondotik, politikariek hartu zuten hitza: UPN, PSN, EH Bildu, Gero Bai, PP eta Condigo-Zurekin taldeetako ordezkariek, hain zuzen. VOXekoak bileratik alde egin zuen.
Legasako alkateak TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, «inor ez zen kontra atera. Denek arazoa ulertu zuten eta horrelako proiektuek beraien filosofiarekin bat egiten dutela adierazi zuten. Orain, Nafarroako aurrekontuen negoziaketetan hartuko dute kontuan. Zer aterako den ez dakigu, baina itxaropentsu atera ginen».
