Aspaldiko eskaera
Eskaera aspaldikoa dela adierazi dute Legasako Kontzejuak, eskolako irakasleek eta guraso elkarteak ohar bidez: «Duela urte aunitz, Legasako Kontzejuak Beortegi auzoa herrigunearekin lotu zuen, «zolatutako bide zabal eta erosoa eraikiz. Horri esker, bortz etxebizitzetarako eta Santa Leokadia baselizarako sarbide zuzena eraiki zen».
Esplikatu dutenez, «etxebizitza horiek Donamaria-Gaztelutik arrunt hurbil daude, eta udalerri hori ere Beortegirekin lotzen da, bi udalerrietako nekazaritza eta abeltzaintza eremua baita. Gainera, Donamaria-Gaztelutik hurbil udalerri gehiago daude, Oiz eta Urroz, bertzeak bertze».
«Doneztebe zeharkatu beharrean, gidari aunitzek eta banatzaile aunitzek Legasa-Gaztelu bidea erabiltzea erabaki dute»
Denborarekin, eremu horietako «gidari aunitzek eta banatzaile aunitzek Legasa-Gaztelu bidea erabiltzea erabaki dutela» kontatu dute. «Baztanera edo Iruñera joateko edo paketeak banatzeko» bide hori erabiltzen dutela erran dute, eta hala, «Doneztebe zeharkatzea saihesten» dute, nahiz eta oharra sinatu dutenen irudiko, «hori izan ibilbide logikoena».
Hortaz aparte, Legasako eskolako ikasleek, eta jardueraren arabera Legasako eskolara etortzen diren bertze herri batzuetako ikasleek, jolas orduetan eta Gorputz Hezkuntza irakasgaia emateko, pilotalekua erabiltzen dutela zehaztu dute: «Bi eraikinak herriguneko bi muturretan daude, eta aipatutako trafikoa pasatzen den karrikarekin lotzen dira».
«Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak behin baino gehiagotan ohartarazi dio eskolako zuzendaritzari ikasleak pilotalekuraino joatea arriskutsua dela; baina ez dago bertzelako aukerarik»
Horrek joan-etorrietan «arrisku handiko egoerak» sortzen dituela nabarmendu dute, «nagusiki eskolako ordutegian; eta irakasleen muturreko arreta eskatzen du». Gehiago ere bai. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak «behin baino gehiagotan ohartarazi» omen dio eskolako zuzendaritzari «ikasleak pilotalekuraino joatea arriskutsua» dela; «baina ez dago bertzelako aukerarik, eta horrek tentsioa eragiten du bai irakasleengan, bai guraso elkartean». Bai kontzejua eta bai Bertizaranako Udala ere egoera horren jakitun direla gehitu dute.
Proiektua bidean
Arazo honi soluzioa eman nahian, 2016ko udal plangintzan herria zeharkatzea saihestuko lukeen bide bat aurreikusi zuten. Zehazki, hirigintza garapen bat egitekoa zen, eta horren barrenean, bidea. Baina proposamen hori alde batera gelditu zenez, orain bertze aukera bat dute esku artean.
Bertizaranako Udalak hirigintza aldaketa bat sustatu du trafikoa Legasako herrigunetik aterako lukeen saihesbide bat egiteko. Zehazki, Arcelor lantegiaren eta herriaren artean eraiki nahi dute saihesbidea, eta helburu horrekin, udalak hitzarmena ere sinatua du Arcelorrekin lurrak eskuratzeko.
«Asmo historiko hau errealitate bihurtzea nahi dugu»
Hiri jarduketarako plan berezia onartua eta saihesbidearen proiektua idatzia da. Baina Legasako Kontzejuak, guraso elkarteak eta eskolako irakasleek «irmotasunez jokatzeko» eskatu diote udalari, «beharrezko finantzaketa bilatzeko». Hala, «asmo historiko hau errealitate bihurtzea» nahi dute, «behin betiko saihets daitekeen arriskua desagerrarazteko».
Aipatu behar da sinadura bilketa ere egin dutela, eta 150 bat sinadura bildu dituztela.