Bestak 2026

«Lan handia egiten ari gara larunbaterako eta jendea etortzea espero dugu»

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 19a

Narbarteko 16 urteko gazte kirolaria da Ugaitz Salaberri: «frontenisean jokatzea aunitz gustatzen zait, futbolean ere urte aunitzez aritu naiz eta orain Erreka Kirol Elkartean aritzen naiz. Baina nire pasiorik handiena, dudarik gabe, Osasuna da, taldearen zale amorratua naiz».

Kirola ez ezik, lagunekin egotea eta besta egitea ere gustuko du; «ahal dudan guztietan bestara joaten saiatzen naiz». Eta herrikoak bereziki gustukoak ditu, dioenez, «betitik bizi izan naiz Narbarten eta urte guztian egoten naiz herriko besten esperoan, egutegian erabat azpimarratuak izaten ditut egun horiek».

Egun bat aukeratzekotan, «lehenbizikoa» da gehien gustuko duena. «Goiz-goizetik hasten gara eta gosaria egiten dugu herriko ostatuan. Eguerdi aldera trikitixarekin etxez etxe joaten gara, bestei hasiera emanez, eta egun guztia pasatzen dugu horrela. Etxeek haien ateak irekitzen dizkigute eta hori eskertzekoa da. Ilunabarrean, herrira ailegatzean, zopak izaten ditugu eta ondotik musika gau guztian». Erran duenez, «ez nuke deus aldatuko, hain ongi pasatzen dut niretako besta perfektuak direla».

Antolaketa lanetan

Besta egin ahal izateko lehenagotik dena prestatu beharra dela argi du, eta duela bi urte hasi zen antolaketan laguntzen. «Gaztetan sartzen gara taldean eta ahal den neurrian hasten gara lanean».

«Lan handia» dela aitortu du: «musika kontratatu, ostaturik ez dugunez otorduak jendearekin solastatu eta lotu, edarien eskaerak… bestak ongi ateratzeko behar diren gauza guztiak egiten ditugu». Herritarren laguntza ere izaten dute, «guraso elkarteak gauza dezente antolatzen ditu haurrendako eta zikiro jaterako gizon kuadrilla batek laguntzen digu eta eskertzekoa da».

Musikak ematen die lan gehien, «denbora aunitzekin» hasten baitira prestatzen: «guk aurrekontu bat paratzen dugu eta horrekin ekarri beharra dugu musika guztia». Aurten EH Sukarra taldea lortu dute: «lan handia egiten ari gara gaua aitzinera ateratzeko eta apustua ongi ateratzea espero dugu. Kanpoko jendea etortzera animatu nahi dugu, kristoren gaua pasako dugu!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun