Ttipi Txartela

«Diseinu emozional, jasangarri eta inklusiboak sortzea dugu helburu»

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 29a

Sormen diseinuko estudioa da Marta Pineda, «espazioa, markak eta produktuak esperientzetan transformatzen espezializatua. Batez ere kultura eta salmenta arloetan aritzen gara, non diseinuak komunikatu ez ezik, balioa eta emozioa ere sortzen duen».

«Zerbitzu osoa» eskaintzen dute, «lehen estrategia eta brandingetik azken diseinura arte, kontuan hartuz eragin emozionala, jasangarritasuna eta inklusioa». Horretarako, «lehenik bezeroari aditzen diogu, bere beharrak eta transmititu nahi duena ulertzeko. Gero kontzeptualizazioa dator, proiektuaren oinarria izanen den ideia sendoa. Ondotik diseinua garatzen dugu, narratiba eta xehetasun bisualak zainduz. Horretarako taldeak koordinatzen ditugu eta bezeroa ere prozesuaren parte izaten da».

Azken proiektuetan «bi ildo indartzen ari gara: esperientzia kulturalen diseinua eta ikuspegi jasangarri eta inklusiboa. Azken lanen artean dugu Zugarramurdiko museoko Henningsenen aurkikuntza erakusketa, Nafarroako Unibertsitatea Museoko kirol txokoa eta Nafarroako Turismorako errotulazio eta seinaletika. Material jasangarrien eta berrerabilien aldeko apustua egiten dugu beti».

Etorkizunera begira, «espazio kulturalen eta marka esperientzien erreferente bihurtu nahi dugu, eta elkarlanean segitu museoekin, erakunde kulturalekin eta inpaktua duten proiektuekin. Estudioaren hazkundea gure balioekin koherentea izatea nahi dugu, diseinu kontziente, jasangarri eta emozionalekin. Proiektu gehiago baino, proiektu hobeagoak egin nahi ditugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun