Bestak 2025

[ARGAZKIAK] Herritarren elkarlanari esker besta ederrak pasatu dituzte Narbarten

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 25a

Asteazkenetik igandera besta giroan ibili dira narbartearrak. Bortz egunez, ez dute aspertzeko tarterik izan.

Argazkiak eta testua: Maite Bertiz.

Asteazken goizean murgildu ziren bestetan narbartearrak. Haurrendako jokoak eta gazteen eskea izan zituzten, bertzeak bertze.

Ortzeguna, Haurren Eguna

Egun guzirako antolatuak ziren puzgarriak tokiz aldatu behar izan zituzten euriarengatik. Oronozera eramateko aukera izan zen eta lerro hauen bitartez, eskerrik beroenak bertakoei, Narbarten ez dagoenez frontoirik ondoko herrietara mugitzea tokatzen da. Bitartean, guraso kuadrilla animoso batek bi paella eder egin zituen haur eta gurasoen bazkarirako, eta ehun lagun inguru bildu ziren aterpean. 

Arratsaldean, mus eta partxisaren txanda izan zen. Partxisean Elaia izan zen irabazlea eta segidan, Ekai eta Maialen gelditu ziren. Musean, berriz, Olatz eta Iñigo izan ziren garaileak, Egoitz eta Bidane bigarrenak eta hirugarren postuan Aitor eta Izei gelditu ziren.

Ondotik, herriko lerro dantza taldearen emanaldia hasi zen. Lesakako taldearekin batera, 30 emakumek momentu polita pasarazi zieten narbartearrei. Gazteak bokatak egin zituzten afaltzeko eta ttikienek, bitartean, diskofesta izan zuten. Eguna akitzeko Oxitozin taldearen emanaldia izan zen.

Ortziralea, Gazteen Eguna

Goizean plater tiroketa izan zen eta sailkapena honela gelditu zen:

  1. Pintto: 25etik 3 plater jota.
  2. Bobi: 25etik 2 plater jota.
  3. Lagun: 25etik plater 1 jota.

Bitartean, plazan herriko haurrek eta gaztetxoek dantzaldia egin zuten, batzuk urte guztian ikasi dutena erakusteko eta bertzeek azken hilabetean prestatua erausteko. Arrunt ederra izan zen. Ondotik, gazteek bazkaria egin zuten, eta arratsaldean, animoak harturik beraien arteko jokoak egin zituzten.

Patata tortilla lehiaketa ere egun horretan egin zen eta irabazlea Maider Telletxea izan zen. Segidan, Rosa Agirre gelditu zen eta hirugarren Iñigo Oteiza.

Larunbata

Goizean, haurren herri kirolak izan ziren eta ondotik, luntxa. Zikiro jatea, berriz, Bittor Elizagoien eta Manolo Arozena bertsolariekin egin zuten eta 120 lagun inguru bildu ziren. Ilunabarrean, gurasoen bokatak egin zituzten.

Igandea

Goizean, haurren krosa egin zuten adinaren arabera hainbat mailatan banatuta. Maila berezian Luaia Zubigarai nagusitu zen, aurrebenjaminen kategorian Saioa Zubigarai, benjaminetan Izei Salaberri eta infantiletan Ibai Salaberri.

Arratsaldean, ohitura den bezala, herri kirolak izan ziren. Aipagarria da gazteek Enrique Jaukikoari omenaldia egin ziotela, 25 urtez aritu ondotik, parte hartu duen bere azken urtea izan baita. Mariatxiez gain, bestak akitzeko kantu zaharren afaria izan zen.

Bestak giro ezin hobean joan dira, herritarren arteko elkarlanari eta ongi pasatzeko gogoari esker. Hala ere, ematen duenez, denak ez gara ondoko herriko bestetara ongi paseatzera joaten edo batzuen modua bertze bat izaten da. Larunbat arratsean herrian kalteak sortzen ibili zen kuadrilla bat, baratzeak xehatzen, loreontziak bota eta puskatzen, kotxeei parabrisak hausten, edukiontziak errepidera mugitzen... Lerro hauen bitartez, erran nahi dugu gure herriko bestak errespetuz pasatu nahi ditugula, horrelako ekintzak egiten dituztenak ez ditugula hemen nahi, herritarrek ez dituztelako kalte horiek sufritu beharrik. Denei gustatzen zaigu besta egitea eta ongi pasatzea, baina errespetuz.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun