Uztailaren 1etik aitzinera greba mugagabea hasiko dute Legasako Arcelorren

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 26a, 08:00

Hainbat mobilizazio egin dituzte langileek. Argazkian, maiatzaren 24an Legasa eta Doneztebe lotuz egindako manifestazioa.

Arcelor Mittaleko zuzendaritzak aurkeztutako lana erregulatzeko espedientea alde batera uzteko eskatuz eta negoziazioak hasteko helburuarekin, uztailaren 1etik aitzinera greba mugagabea hasiko dutela erran du ELA sindikatuak. Legasako eta Aguraingo lantegietan eginen dute.

Apirilean jakinarazi zuen enpresak Legasako eta Aguraingo lantegietan 40 langile kanpora bidali nahi dituela. Astelehen honetan, berriz, enplegua erregulatzeko espedientearen kontsulta epea akordiorik gabe akitu dute. ELAren arabera, «prozesu osoan agerian gelditu da enpresa ez dela gai izan arrazoiak justifikatzeko. Aurkeztutako dokumentazioa ez da nahikoa izan beraien asmoak eta espedientearen beharra esplikatzeko. Beraien inkoherentziak maiz gelditu dira agerian».

Sindikatuak jakinarazi duenez, «hainbat alternatiba» proposatu dituzte, «langileendako irtenbide hobea eta enpresarentzat arrunt egingarriak zirenak. Baina enpresak hasieratik erakutsi du langileen ordezkaritzari aditzeko asmo falta».

Egoera ikusita, langileek hainbat asanblada egin dituzte, bai Legasan, baita Agurainen ere, eta ELAk adierazi duenez, «langileek ia aho batez erabaki dute greba mugagabea hastea». ELAk «argi» du «planteatutako arazoari irtenbidea emateko alternatibak badaudela», eta hala «enpresaren erabakien kostua langileen gain ez gelditzeko, beharrezkoak diren presio neurriak hartzeko» prest agertu da.

Bertzalde, ELA sindikatuak aste honetan jakinarazi du erregulazioaren kontra errekurtsoa aurkeztuko duela Auzitegi Nazionalean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun