Sindikatuaren arabera, «enpresak ekainaren 16an egin zuen azken proposamena, eta bertan ez ziren bermatu borondatezko irteerak, ezta Legasako langileen kasuan, bizilekutik hurbil dauden lantegietan birkokatzeko aukera ere». Gaineratu duenez, «Aguraingo plantaren epe ertaineko bideragarritasuna ere ez zuen bermatu, ezta plan industrial sendo bat aurkeztu ere». Kritiko mintzatu da enpresaren jarrerarekin: «Milioika etekin lortu arren, negoziazio saiakerak goiti-beheiti, akordiorik ez ahalbidetzea erabaki du».
Enpresak hamabortz eguneko epea izanen du orain erabakia aurkezteko. Iragarritakoa betetzen badu, 33 langile botako ditu kanpora, ELAren hitzetan, «legezko gutxienekora egokitutako kalte ordainarekin, eta Legasako lantegia itxiko du».
ELAren irudiko, kontsultaldian «ez dira egiaztatu espedientea eragin zuten arrazoiak», eta hala, Auzitegi Nazionalean enplegua erregulatzeko espedientearen kontrako errekurtsoa aurkeztuko duela iragarri du. «Enpleguari eusteko borrokan segituko dugu Legasako lantegiaren itxiera justifikatzen ez duen irregulartasunez betetako prozesuaren kontra».