Legasako Arcelor lantegiko zuzendaritzak apirilaren 10ean eman zien lantegia ixteko asmoaren berri langileei. Arcelor Mittalek Legasan duen lantegiko produkzio guzia Agurainera (Araba) eraman nahi dute. Bi lantegietan, Legasakoan eta Aguraingoan, 40 laguneko kaleratze kolektiboa iragarri dute, eta tartean, Legasako lantegiko 33 langile izanen lirateke.
Bada, hori ikusita, Malerrekako eta Bertizaranako Ernai argi mintzatu da: «Zuen aberastasuna, gure miseria». Gazte antolakundearen arabera, «urteak daramatzagu multinazional honek hartutako neurri gupidagabeak jasaten. Horren adibide da azken hamarkadan eskualdean enpresak suntsituriko lanpostu kopurua; azken urteetan langile kopuruaren % 60 murriztuz. Eta oraingoan lantegiaren itxiera adierazi du».
Horrekin batera, «azken urteotan enpresak enplegua erregulatzeko espedientearekin egin duen erabilera neurrigabea» ere salatu du, eta Lesakako lantegian oraindik indarrean dela oroitaraztearekin batera, «multinazionalaren mesedetara» erabili izana leporatu dio enpresari. Ernairen arabera, «agerian gelditu da enpresa multinazional hauek duten diru gosea eta beraien xede bakarra zein den; irabaziak handitzea». Eta hori ahalbidetzen duena «sistema kapitalista» dela gaineratu du, «langileon bizkar gutti batzuk aberastuz».
Gehiago ere erran du gazte erakundeak: «Eskualdeko herritar zein gazteoi etorkizun iluna utzi nahi digute, baina guk argi dugu: eskualdeko lanpostuen defentsa eginen dugu, Malerreka eta Bertizaranan bizi eta lan egin nahi dugulako».
Akitzeko, «elkartasun osoa» adierazi nahi izan diete Legasako lantegiko kideei.