Arcelor Mittalek Legasako lantegia itxi nahi duela jakinarazi du

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 11a, 09:05

Zuzendaritzak atzo jakinarazi zien berria langileei. Arcelor Mittalek Legasan duen lantegiko produkzio guzia Agurainera (Araba) eraman nahi dute. Bi lantegietan, Legasakoan eta Aguraingoan, 40 laguneko kaleratze kolektiboa iragarri dute.

LAB: «Salatu izan dugun egoera baten ondorio da»

Azken orduko berria sindikatuekin baieztatu nahi izan du TTIPI-TTAPAK. Asier Calderon Nafarroako LABeko Industriako arduradunak enpresaren erabakia «salatu izan dugun egoera baten ondorio» dela erran du: «Duela hamar urte baino guttiago, langile kopurua 120tik goitikoa zen eta urteetan, errelebo kontratuaren bitartez, langile kopurua murriztuz joan dira». Gaineratu duenez, «enpresaren egitura ahalik eta gehien murriztuta, lantegiaren itxiera aurreikusten genuen». LABek «hemengo lanpostuak mantentzeko» eskatu du, eta «hemen gelditzeko borroka» eginen duela jakinarazi du: «Gure helburua lanpostu horiek defendatzea da. Edozein kasutan, Arcelorrek nahiko gaitasun badu langile horiek eskualdean kokatzeko».

ELA: «Ez genuen espero holako erabakirik eta ahalegin guziak eginen ditugu planta ez ixteko»

Legasako lantegiko komitean ELAko ordezkaria Ibon Requejo, eta «ELAk bere proposamena adieraziz idatzia» aterako duela esplikatu du. «Atzoko berria da eta lanean ari gara». Hala ere, aitortu duenez, «ez genuen holako erabakirik espero eta jokoz kanpo utzi gaitu. Zurrumurruak aditzen genituen, baina ofizialki ez ziguten orain arte deus errana».

Requejok argi utzi du: «Ez gara konformatuko». Haien helburu nagusia «planta ez ixtea» izanen dela erran du, eta «ahalegin guziak eginen ditugu horretarako. Planta ixteko arrazoirik ez dagoela erakutsi nahi dugu eta enpresak berak aitortu du erabakiaren gibelean ez dagoela arrazoi ekonomikorik, estrategikoa dela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun