Egitasmoa gauzatzeko
Duela mende erdi gorabeherak izan ziren egitasmo hau Lesakan onartzerako orduan. 1958ko martxoaren 21ean Herriko Etxean batzarra egin zuten eta bi aste beranduago, apirilaren 2an, Junta de Veintena izeneko batzordearen bilera egin zen. Udal batzarrean enpresaren inguruko hiru lagun joan omen ziren eta horrek, nolabait, adierazpen askatasuna murriztu zien hautetsiei. Hain zuzen, Herriko Etxeak enpresariei bi milioi pezetako dirulaguntza ematea zegoen eztabaidagai. Udal araudi bat egitea onartu zen. Junta de Veintena delakora berriz, hainbat herritar joan zen, fabrikaren aldeko jarrera erakustera. Kontuan hartu behar da garai hartan ez zegoela baserria bertze lanbiderik Lesakan eta, aunitzek, Ameriketara joan behar izaten zutela. Batzuei edatera ere eman omen zieten, aldeko jarrera hori ez hozteko. Batzorde honetan ohikoa ez zena, hogei kideak azaldu ziren bilera honetara eta hauetako batzuk ere, fabrikaren aldeko jarrera azaltzeko irakatsiak omen zeuden. Kontuak kontu, azkenean ez zen bozketarik egin. Itxura batean, fabrikaren aldekoak kontrakoak baino aunitzez gehiago ziren, eta bozketa eztabaidarako eta haserretzeko bakarrik balioko zuela pentsatu zuten. Beraz, bi milioi pezetako laguntza onartu zen. Lantegia egiten hasi ziren eta zabalkunde garaia bizitu zuen. Bere gorabehera guziekin, Baztan-Bidasoko motor ekonomikoa izan zela erratea ez da sobera erratea.
1970. hamarkadan zabalkunderik handiena
1973an, Altos Hornos de Vizcayak hartu zuen Laminaciones. Bilboko enpresaren fakturazioaren erdia Lesakak egiten zuen orduan. Pixkanaka handitzen joan zen eta Lesakako lantegiarekin batera, Zalain-Zoko eta Legasakoak egin ziren. Bere garairik onenean 2.000 langile baino gehiago aritu ziren Laminaciones de Lesaka lantegietan, 1.400 Lesakan, 585 Zalain Zokon eta 193 Legasan, baina azken mende laurden honetan kopuru hori nabarmen jautsi da.
1990. hamarkadan krisia
1990eko hamarkada hasieran %20 jautsi zen langile kopurua eta Corporación Siderúrgica Integral taldean sartu zen. Gero pribatizatu eta Arbed taldean sartu zen, Aceralia izena hartuz. Gaur egun, Lesakako lantegiak Arcelor Mittal izena hartu du eta etorkizunari buruzko zalantzak ditu. Zalain Zokoko lantegia, berriz, Condesa taldean sartua dago.
Mende erdia pasatu da eta aldeko edo kontrako jarrera izan, ezin da ukatu Laminaciones de Lesaka lantegiaren bilakaerak eragin handia eta historikoa izan duela Bidasoaldean. Momentuz ez dago ospakizun handirik antolaturik. Lantegiaren historiari buruzko erreportajea ikusgai izanen duzue TTIPI-TTAPA TELEBISTAn uztailaren 18an. Bertan lanean aritu diren testigantzak eta bertze zenbait jakingarri izanen dituzue orduan.