Legasako fabrika itxi nahi izatea «neurrigabea eta bidegabea» dela erran du UGTk

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 15a, 11:00

ArcelorMittal enpresak aste honetan jakinarazi die langileei Legasako lantegia itxi nahi duela, eta egoerak, ezinegona sortu du. LAB eta ELA sindikatuak kritiko mintzatu dira enpresaren jakinarazpenarekin, eta egoera salatzen azkena UGT izan da. Enpresak aurkeztutako enplegua erregulatzeko espedientea gaitzetsi du.

ArcelorMittalek Legasan duen lantegiko produkzioa Agurainera (Araba) eraman nahi du. Bi lantegietan 40 laguneko kaleratze kolektiboa egin nahi du, eta horietatik 33 Legasako lantegiko langileak izanen lirateke. Erabakiaren gibelean «antolaketa eta produkzio arrazoiak» aipatu ditu enpresak. Itxura denez, ez dago arrazoi ekonomikorik. Juan Manuel Alzuarte sindikatuko ordezkariaren hitzetan, «lantegi horretan frogatua dago zenbakiek funtzionatzen dutela».

Hala, UGTk enplegua erregulatzeko espedientea «erretiratzeko» eskatu du, «bidegabea, immorala, onartezina eta neurrigabea» dela iritzita. Gehiago ere bai. «Izanen lukeen eraginaren inguruan», zuzendaritzaren «erabateko axolagabekeria» salatu du.

Asteazkenean, apirilaren 16an, hastekoa den negoziazio prozesuan,«irabazi erraldoiak dituen ArcelorMittal enpresa multinazionalak hartu duen bide traumatiko eta suntsitzailearen partez», UGTk «neurri eraginkorrak, solidarioak eta errespetuzkoak» eskatuko ditu. Eta «indar guziarekin borroka» eginen duela ere adierazi du Alzuartek. Gehiago ere erran du: «40 familia eta Baztan-Bidasoa, Donostia eta Irun eremu osoa pobrezian utziko luketen kaleratzeei ez!». Neurri horrekin «Lesakako eta Legasako lantegiak sendotzeko zen Nerbioi proiektuari amaiera ematea» leporatu dio enpresari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun