Legasako Arcelor Mittalen gertatutako istripua «saihestu zitekeela» adierazi du LABek

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 10a, 15:00

Joan den ortzirale arratsaldean gertatu zen ezbeharra. Makina batek eskua zanpatu zion 23 urteko langileari, eta istripu horren harira mintzatu da LAB sindikatua. Alde batetik, «elkartasuna eta babesa» adierazi nahi izan die istripua izan zuen langileari eta haren hurbilekoei. Baina bertzetik, «saihestu zitekeela» salatu du eta «istripuaren ikerketa zorrotza» eskatu du.

Elkartasuna eta babesa adieraztearekin batera, «behar duten guztian laguntzeko prest dagoela» jakinarazi nahi izan die LAB sindikatuak joan den astean Legasako Arcellor Mittal lantegian istripua izan zuen langileari eta bere ingurukoei.

Istripua «larria» izan zela azaldu du, eta «eskuan kalte larriak eragin dizkiola» gaineratu du. LABen ustez, ordea, «ez zen halakorik gertatu behar»: «Lan erritmo handiek, prestakuntzan dauden gabeziek edo langileen behin-behinekotasun egoerek eragin negatiboa dute, eta joan den ortziralekoa bezalako lan istripuak eragiten dituzte».

Istripuaren «ikerketa zorrotza» eskatu du. Eta horrekin batera, enpresari «kontratazio berriei prestakuntza hobea emateko eta lan erritmo altuak alde batera uzteko» exijitu dio, «horretarako beharrezkoak diren baliabide pertsonalak eta materialak jartzeko» eskatuz. Sindikatuak salatu duenez, «Legasako lantegian lan-karga handia duten arren, langile gutti daude, multinazionalak urteetan enplegua ikaragarri suntsitu baitu».

Azkenik, joan den ortziraleko istripu larriari «behar bezalako erantzunik ez eman izana» kritikatu du, eta hori «gainerako sindikatuen ezezkoagatik» izan dela dio. LABek, berriz, «etekin ekonomikoaren gainetik, langileen lan segurtasuna eta osasuna defendatzen segituko duela» nabarmendu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun