«Deusen gainetik, Kaxtel zenari omenaldia egiteko eguna izanen da»

Ttipi-Ttapa

Kaxtrail mendi lasterketako antolatzaileak kamisetekin.

Patxi IRIGOYEN ETCHEVERRY, Kaxtrail mendi lasterketako antolatzailea.

32 urte dituen erratzuarrak egunaren zati handi bat «harat eta honat» igarotzen duela dio. Kazetari lanetan aritzen da Donostian, eta azkenengo urteetan frontoia eta kultura izan dira gehien landu dituen esparruak: «Lanak uzten didan denbora frontoiko kiroletan, kultura kontuetan, pilota txapelketak antolatzen etab. igarotzen dut. Edozein gauzetan laguntzen saiatzen naiz».

Ahal duenean herriko kontuetan laguntza ematen saiatzen da, herriko hainbat taldetan parte hartzen baitu kazetariak: «Azkeneko urteetan, Erratzuko pala txapelketan parte hartu izan dut. Berriki, Gorostapoloko frontoiak 100 urte bete ditu, eta honen harira egindako pilota jaialdietan eta txapelketetan ere egon naiz. Azkenek urtean, Kaxtrail-eko antolakuntzan ibili naiz».

Lagunari omenaldia

Urriaren 24an eginen den Kaxtrail mendi lasterketaren inguruan galdetu diogu erratzuarrari, urte guztia igaro baitu antolakuntzan. Lehenik, Kaxtrail-ek helburu «garbi» bakarra duela erran digu:  «Deusen gainetik, duela 10 urte, gure lagun Xabier Rekarte, Kaxtel ezizenez ezaguna zenari omenaldia egiteko lasterketa izanen da».

Beti dute gogoan lagunek Kaxtel, «baina bera deskribatzen zuten hitzen artean lau hartuz» sortu dute Kaxtrail lasterketa: «Kirola, mendia, kultura eta auzolana». Duela urte bat Kaxteli omenaldia eginen ziotela erran zuten. Geroztik, antolakuntzak ez dio lan egiteari utzi, eguna «ahaztezina» izan dadin.

Kaxtelen «bizpahiru» lagunek izan zuten omenaldi berezi hau egitearen ideia. Egun, talde jendetsua dago Kaxtrail mendi lasterketaren antolakuntzaren gibelean. «Astero edo bi astetik behin elkartzen gara, eta denen artean eramaten ditugu aitzinera erabakiak», aipatu du Irigoyenek. «Talde antolakuntza horizontala» dutela azpimarratu du eta, lan handia duen omenaldia aitzinera eraman ahal izateko, bartzordetan banatzen direla ere bai: «Batzuk ibilbidea, bertze batzuk osasungintza, bertze batzuk egunean bertan egin beharreko otorduak eta bertzelakoak, herriko domunausiek (danbolin nagusiek) eguneko kontzertuak eta barra, eta bertzeak, komunikazioa». Gauza guztiak taldera eramaten dituzte denak elkartzen diren asteko egunean.

Egun bat, ahaztezina

Egun osoa iraunen duen egitaraua prestatu dute. Lehenik, «Erratzuko plazatik oinezko martxa bat abiatuko da, 20 kilometroko ibilbidea egiteko. Ez da lasterketako ibilbidea bera izanen, bertze norabide bat hartuko du». Bertzetik, ordu bat beranduago, lasterketa eginen dutenak abiatuko dira, «eta 45 kilometro eginen dituzte, bakarka edo binaka». Binaka eginen dutenek Izpegin emanen dute txanda pasa.

Lasterketa luze joanen dela uste dute: «Arratsaldeko seiak bitarte irauten ahal duela dago aurreikusia». Akitzean, herrian, jatekoa eta edatekoa egonen dela erran digu eta indarrak hartu ondotik, sari banaketa eta Kaxteli omenaldia eginen zaiola plazan. Egunari akabera emateko, «kontzertuak eta besta egiteko aukera ere izanen da».

Dagoeneko lasterketan jende mordoa apuntatu dela erran digu, hala ere, Instagramen Kaxtrail profileko estekaren bidez apuntatzeko aukera zabalik dago. Izena emateko deia egin du, berehala itxiko baitute: «Istantean bilera bat eginen dugu eta erabakiko dugu epea noiz itxi, baina badakigu ez dela azkeneko egunera arte izen emateko aukerarik izanen. Istantean itxiko dugu».

Lehenengo eta azkenengo aldia izanen da Kaxtrail eginen dela, hori adostua omen dute «lehen egunetik»: «Edizio bakarra eginen genuela erran genuen. Edizio ahaztezina egiteko, eta deusen gainetik Kaxtelen omenez egiteko». Horregatik, «mundu guztiari» zabaldu dio gonbita Irigoyenek urriaren 24rako, Kaxtel omenduko duten eguna berezia izanen baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun