Xabier Rekarte Kaxtel erratzuarraren heriotzaren 10. urteurrena bete da aurten eta haren oroigarri gisa, herritarrek Kaxtrail mendi lasterketa antolatu dute. Bide batez, Kaxtel zena eta haren izatearen balioak oroitzea izanen dituzte helburu: mendiarekiko pasioa, laguntasuna eta elkarlana. Hortaz, lasterketa hutsa izateaz gain, kirola, kultura eta auzolana uztartuko dituen egun berezia izanen dela ziurtatu dute antolatzaileek: «Mendi lasterketa bat baino gehiago izan dadin nahi dugu: kirola, mendia eta herria batuko dituen topaketa. Ez da edizio gehiagorik eginen; Kaxtrail bakarra eta berezia izanen da». Proban izena emateko epea joan den larunbatean hetsi zuten.
Gehiago ere bai: egun osoko egitaraua antolatu dute herrian. 08:00etan abiatuko da lasterketa eta 08:30ean mendi martxa. 10:00etatik 14:00etara haurrendako puzgarriak izanen dira. 12:30 inguruan espero dute ailegatzea lehen lasterkariak eta 17:00etan proba akitu eta sari banaketa eginen dute. 19:30ean Kaxtel oroitzeko omenaldia eginen diote. Ondotik musika izanen da: 20:00etan dantzaldia Bide Batez erromeriarekin, 23:30ean Ufestuek taldea eta 01:00ean Fifi eta Fefa DJak. Bokatak afaltzeko aukera ere emanen dute.
Ibilbideak
Lasterketak 44 kilometro eta 3.000 metro inguruko desnibela izanen du. Ibilbidea hurrengoa izanen da: Erratzutik abiatu eta Azkaraten goiti Gorramendi igoko du, Gorramakil pasatu eta Alkaxuri ingururat joanen da. Beheiti eta goiti berriz, Astatetik (Iparlara inguruan) Izpegirat joanen da, ibilbide erdia osatzeko. Binakako proban, lehenbizikoak bertan akitu eta bigarrena abiatuko da: Olate igo eta Auzatik pasatuko da, Azpiltegiko oihanetik Burga mendia igo, jaitsi eta Soralar igoko du. Handik ibilbideak beherantz eginen du Erratzun akitzeko.
Oinezko itzuliak 23 kilometro inguru izanen ditu, 1.100 metroko desnibelarekin, eta tarte batean mendi lasterketarekin bat eginen du.