«Beti egon dira pertsona 'kuirrak' bertan»

Ttipi-Ttapa

Kabareta bezalako espazioak saretzea baimentzen dutela dio Larraldek.

Maddi LARRALDE APEZETXEA, Arantzako gaztea.

Maddi Larralde Apezetxearen ustez, herri bakoitzeko queer errealitatea bertan dagoen pertsona kopuruarekin eta haien arteko saretzearekin lotuta dago. Queer kontzeptua bera ere ez du beti aipatzen, batzuetan azalpen gehiegi eman behar izateak nekatzen duelako. Hala ere, bere burua taldearen barrenean kokatzen du, eta gogorarazi du queer pertsonak beti egon direla herrietan, nahiz eta bertze izen batzuekin ezagutu izan diren.

Herri ttikietan, ordea, herriko dinamika talde bakarrean biltzea mugatzailea izan daitekeela azaldu du. Horrek, bere ustez, «sexilioa» bilatzera eraman ditzake hainbat pertsona, herrian bertan bizitzea baino gehiago, «bizirautea» bihurtzen delako. Eskualde mailan ere antzeko errealitateak ikusten ditu, nahiz eta herri handiagoetan aukera gehiago egon.

Azkenik, «egiten ari garen kabareta bezalakoek bizipen horiei espazioa emateaz gain, sare sendoak sortzen dituzte» Larralderen hitzetan. Babesgune baten bila dabiltzanei mezua utzi die: «Bilatu zuen babesgune izanen den hori, eta loratu bertan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun