Bestak 2026

«Ez bakarrik gazteak, herritar guztiak aritzen dira laguntzen»

Ttipi-Ttapa

Gartzaingo gaztea elektronikan eta besten antolaketan, kurtso hasieratik. 

Gartzaingo 22 urteko mutil gaztea da Unax Elizaintzin Irungarai. Ikasten eta lanean igarotzen du gartzaindarrak urtea, bertze hainbat afiziori ere denbora eskainiz bere egunerokoan. Herriko gazte taldean dago eta ate joka dituzten Gartzaingo besten antolaketan ere ari da aurtengoan.

Gaur egun ingeneritza-ikasketak egiten ari da Arrasaten: «Batxilergoa akituta Iruñera joan nintzen ikastera, baina azkeneko bi urteetan Arrasaten ari naiz ikasten ingenieritza-elektronikoa». Horrez gain, udaran ere ez du deskantsurik hartzen, unibertsitateko ikasketak alde batera uzten dituen hilabeteetan lanean aritzen baita: «udan, unibertsitatean ez nagoenean, sorosle gisa egiten dut lan». Irakurtzea eta kirola ere maite dituela aipatu digu baina, «noski, baita lagun eta familiarekin denbora igarotzea ere». 

Gartzainez galdetuta, ederra dela erran digu: «mendiz inguratuta dagoen herri ttiki eta polit bat» dela, eta «arras gustuko» duen lekua, «hiru auzoz osatua». Herriko bazterren artean Ariztegi auzoa aipatu digu bereziki, «bere ermitarekin; herriko lekurik politenetakoa» da Elizaintzinentzat. Mendian goiti ere badu berezia egiten zaion txoko bat, «Urballorako bidea», baina goizpasa bat proposatu beharko balu «Peña Albako buelta» izanen zen, Baztango mendirik gustukoena baitu.

Antolakuntza, gazteen esku

Gartzaingo bestak Pilarika egunaren inguruan ospatzen dira. Aurten, urriaren 9a izanen da «lehen besta eguna gartzaindarrentzat, eta urriaren 12a, astelehena, azkenengoa». Dagoeneko bestak antolatzen ari dira gazteak, eurek baitira bestak antolatzeaz urtero arduratzen direnak: «Herrian ez dago besten antolamenduaz arduratzen den mugimendu edo talde formalik, baina gazteek hartzen dugu ardura». Elizaintzinek azaldu duenez, gazte taldeak hainbat eginkizun betetzen ditu herrian: «talde bat osatzen dugu, bai bestak eta bertzelakoak antolatzeko, baita gure artean harremanak indartzeko ere». Urtero «bi edo hiru gazteek» hartzen dute bestak antolatzeko ardura nagusia, nahiz eta «denek» parte hartzen duten momentuan bertan. Aurtengoan, Unax bera eta bertze gazte bat ari dira lan gehiena egiten. Ardura hori, ordea, urtetik urtera aldatzen doa.

Elizaintzinen arabera, urtetik urtera aiseago egiten dute lan bestei dagokionez: «Orain gauzak errazago egiten ditugu, gehien bat esperientzia lortu dugulako». Bere ustez, «aintzinetik egon direnek utzitako esperientzia eta eskaintzen duten laguntza handia da», eta, hala ere, ezinbertzekoa antolakuntzan hobetzen segitzeko.

Azpimarratu duenez, nahiz eta antolakuntzan gazteak aritu, bestak direnean parte hartzea ez da gazteetara mugatzen: «Ez bakarrik gazteak, bestetan herritar guztiak aritzen dira laguntzen».

Gazteen inplikazioari dagokionez, erraza dela dio: «Aunitzetan ez da laguntza eskatu beharrik, gazteek berek badakitelako zer egin behar den eta prest egoten direlako kolaboratzeko». 

Betiko planera itzuli

Besten egitaraua ez da aunitz aldatzen urtetik urtera», hala azaldu digu azkenengo urteko antolakuntzan dabilen gazteak: «Lehen egunean txupinazoa eta baztan zopak izaten ditugu. Bigarrenean, gazte eta haurren eguna izaten da, eta bazkaria, afaria, jokoak eta bertzelako ekitaldiak antolatzen ditugu. Ondotik, zikiro jatea izaten dugu».

«Aurtengo bestetan, ez da berrikuntza handirik izanen», hala erran digu Elizaintzinek: «Iazko aldaketen ondotik, ohiko egitaraura itzuliko gara». Iaz bi asteburutan banatu behar izan zituzten ospakizunak. Aurten asteburu bakarrean izanen dira. Hizketaldia borobiltzeko, bestetako momenturik berezienaz galdetu eta… ez du zalantzarik izan: «Niretzat momenturik bereziena zikiroa da, herritar gehienak elkartzen baikara bazkaltzeko eta, arras polita izaten da».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun