Elizondoko Osasun Etxeko langileek «administrazioaren isiltasuna» salatu dute

Ttipi-Ttapa

Irailaren 21etik aitzinera ez dute pediatrarik izanen eta «ez dakigu zerbitzua nola antolatuko den». Gaia lantzeko batzar irekia eginen du Baztango Osasun Plataformak asteazkenean Arizkunenean

Hilabete hasmentan jakinarazi zuten Elizondoko Osasun Etxeko langileek irailaren 21etik aitzinera pediatrarik gabe geldituko direla. Orain dagoen pediatrak «zentroan segitzeko asmoa» helarazi zion Osasunbideko Lehen Mailako Arretako Gerentziari, baina ezezkoa eman zion ahoz.

Ahozkoa izan da langileek hartu duten erantzun bakarra, hori dela eta, «administrazioaren isiltasuna» salatu dute: «bortz egunen faltan, oraindik ez dugu erantzunik jaso eta ez dakigu irailaren 21etik aitzinera zerbitzua nola antolatuko den».

Osasun plataformaren batzarra

Ikasturte berriarekin batera, martxan da berriz ere Baztango Osasun Plataforma, eta bilera irekia eginen du irailaren 16an, asteazkena, 19:00etan Arizkuneneko batzar gelan. Bertan pediatrarik gabe gelditzeko arriskuaz arituko dira eta «orain arte egindakoaz hausnartu, plataforma indartu eta etorkizuneko gaiak landu» nahi dituzte. Herritar guziak animatu dituzte parte hartzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun