Nor dugu Joxelu Retegi?
64 urteko igantziarra, Argatagarai baserrikoa.
Noiztik bizi zara Arraiozen?
1988an, duela 38 urte etorri nintzen Arraiozera, arraioztar batekin ezkonduta. Gustura bizi naiz Baztan aldean.
Bestak izanen dituzue fite. Zer dute berezi Arraiozko bestek?
Inguruko herri ttikietan bezala, herritarrei begira antolatzen direla. Hori da politena, gauza ttikiak bertakoek gozatzeko.
Zein duzu egunik gustukoena?
Bezpera, lehenbiziko eguna ospatzen dugu hobekien. Antolakuntzan ere inplikatu egiten gara eta gogo handiarekin hasten ditugu bestak.
Arraiozko bestak edo Igantzikoak?
Galdera zaila. Garai batean Igantzikoak aunitzez gehiago bizitzen nituen, eta orain alderantziz, Arraiozkoak. Guttiago joaten naiz orain Igantzikoetara, adinarengatik izanen da. Garaian garaikoa.
Baztan zopak prestatzen aritzen zara. Noiz hasi zinen?
Duela 8-9 urte hasi ginen zopak prestatzen herriko taldetxo bat. Garai hartan kanpotik ekartzen zituzten prestatuak, eta iruditzen zitzaigun politagoa izanen zela bertan egitea. Betitik gustatu zaigu sukalde ingurua, eta ez da hain zaila.
Talde handia zarete?
Bai, goizean lehenbiziko orduan bortz lagun aritzen gara, gosalondotik hiru, eta ilunabarrean afaldu aitzinetik gehiago: sukaldariak, zerbitzariak… kontuan izan 200 lagunendako ematen dugula afaria.
Lana eskatzen du?
Lan dezente, baina betikoak gara taldean eta bakoitzak baditu bere lanak hartuak. Goiz hasten gara prestatzen, saldak denbora luzez egon behar baitu goxatzen, eta saldaz aparte gisatua eta xuri eta beltxak ere egiten ditugu.
Zein da zopa on baten sekretua?
Ardikia ona izatea. Mantso-mantso eta denbora luzean eduki behar da irakiten eta barazki pila batekin nahasita, ezin da txarra atera. Sekretu handirik ez, pazientzia.
Zer espero duzu aurtengo bestetatik?
Orain artekoen antzera, tripa kontuak eta lasaitasuna. Adin batean gaude eta gazteak ongi pasatzen dutela ikusten badugu, gu ere horrekin gustura.
Ze asmo etorkizunari begira?
Urte bukaeran erretiroa hartuko dut eta bizi lasai bat eraman nahi dut. Eta posible den bitartean, bestetan lagundu.