Bestak 2026

«Lehen mutilek dantzatzen zuten bakarrik eta emakumeak ere hasi ginen Lekarozen»

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 18a

Pazita Iturriria Goñi. Argazkia: utzitakoa.

Pazita ITURRIRIA GOÑI, Lekarozko herritarra.

86 urteko lekaroztarra da Pazita Iturriria Goñi. Etxeko egongelan zegoen deitu diogunean: «Plaza pareko etxe handia da gurea». Leihotik begiratu eta begiek topo egiten diote plazarekin, hor baitu parez pare. Hutsik dago plaza uztaileko ortzirale goiz batean, baina herriko bestetan, ordea, hori izanen da herritarren bilkura lekua.

Telefonoaren bertze aldean, beharbada, etxeko egongelatik plazara begira ariko zen lehengo garaiez oroitzen hasi denean. «Etxean 14 haurride ginen», kontatu digu eta oroitzapen kuttunenak gogora ekarri ditu: «A ze besta egunak izaten genituen, bezperan hasten genituen; etxean Baztan zopak, txuri ta beltza, hori seguru, eta magra ondoan». Ongi oroitzen da afaldu ondotik ostatura joaten zirela, anaiak eta amak nola erraten zien: «Etorri zaitezte tenorean, bihar meza nagusia dela 11:00etan eta jeiki behar duzuela». Eta aitak biharamunean maindiriak eta denak goratzen zizkiela: «Jeiki zaitezte!».

«Badakizu zertaz aritzen ziren bakarrik mutilak dantzan, ez? Emakumeak etxean egon beharra zirelako bazkaria prestatzen»

Garai hartan, meza «arras inportantea» zela erran digu: «Ikustekoa zen jendea nola joaten zen, fin-fin apaindua, arropa estreinatu gabeekin batzuetan». Ongi oroitzen da eguneko ordenaz, mezatik atera eta mutil dantzak izaten zirela plazan. «Badakizu zertaz aritzen ziren bakarrik mutilak dantzan, ez? Emakumeak etxean egon beharra zirelako bazkaria prestatzen».

Halere, emozio handiz, duela 40 urte baino gehiago, Lekarozen emakumezkoak ere plazan dantzan hasi zirela erran digu. Eta lehen aldi hura xehetasun guziekin kontatu digu: «Ni Oronozko eskolara joaten nintzen eta han ikasi nuen Los pastores de Bilbao izeneko dantza bat, herrian 14  laguneko taldea bildu eta erakutsi nien, hanka bat goiti eta bertzea beheiti. Nire koinataren lehengusu batek aurreskua ere erakutsi zidan eta nik lagunei. Maurizio etortzen zen mutil dantzak entseatzera eta hark sagar dantza erakutsi zigun. Eguna ailegatu eta inork ez zekien deus eta, a ze emozioa denen aitzinean dantzatu genuenean». Eta ez hori bakarrik: «Boneta pasatu genuen eta bildutako diruarekin Hondarribira egin genuen egun pasa». Ordutik urtero egiten dira dantzak eta Iturririak ez du hutsik egiten, plazara ateratzen da urtero.

Lekarozko sagar dantzariak pasa den urteko bestetan. Argazkia: utzitakoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun