Igandea ongi betea izanen dute, bazkari artio Elizondoko plaza inguruan zentratuko da besta eta bazkaritik aitzinera dena Merkatuko Plaza inguruan. Horrez gain, larunbatean ere egun handia heldu denaren seinalea eginen dute.
Uztailak 18, larunbata, Bezpera Eguna:
Ilunabarrean Tuku-tuku txaranga Elizondon barna.
Uztailak 19, igandea, Baztandarren Biltzarra Eguna:
10:00etan artisauen azoka Pedro Axular karrikan. 11:00etan herri bakoitzak egindako orgen desfilea eta ondotik 13:30ean mutil dantzak herriko plazan. 14:00etan herri bazkaria Merkatuko Plazan eta 16:00etan bazkalondoko ekitaldiak: Komunikatua, kontzertu akustikoa, omenduak eta orgen sari banaketa. 17:45ean mutil dantzak, gaita, mutxikoak eta larrain dantza eta 19:00etan Gabezin eta Zapatillerak antolatuta gaztetxean ere kontzertuak. 21:00etan Zker elektrotxaranga eta ondotik 22:00etan Trikidantz. Eta besta ordu luzez eguzkia atera arte segitzeko 00:00etatik aitzinera DJ Adarrak.
Trafikoa
Desfilea dela eta, igandean 09:00etatik aitzinera desfilea bukatu arte Elizondoko Braulio Iriarte eta Santiago karrikak itxita egonen dira ibilgailu guziendako, barrideen ibilgailuak barne. Eta 10:00etatik aitzinera Elizondoko sarrera guziak ere itxiko dituzte, Lekarozko kanpusera bideratuko baita trafikoa.