Ttikitako oroitzapen «politak eta lasaiak» ditu, «herri ttikia denez, denen arteko harremana aunitzez hurbilagoa da eta giro polita izaten da. Gainera, bertze herri batzuekin konparatuz, Azpilkuetan gazte guti gara. Desabantailak baldin baditu ere, horri esker, inauteetan adibidez, denak elkarrekin ibili gaitezke etxeetako sukaldeak bete gabe».
Gaur egun, «gehienbat bestak» lotzen du Azpilkuetari, bertako inaute eta herriko bestak maite baititu. Zenbait urtez herriarekin «lotura galdu» zuela aitortu du, «baina 17 edo 18 urterekin hasi nintzen hurbiltzen eta ordutik inauteetan ez dut hutsik egin. Bestetan, lanagatik, zailtxeago izaten da, baina saiatzen naiz ahal dudan guzietan libre hartzen».
Bestetarako prest
Uztailaren 4tik 7ra ospatuko dituzte aurten sanferminak azpilkuetarrek, eta Mitxelena ere bestetarako prest da. Azaldu duenez, «zopetako gaua» da gehien gustuko duena; «zopak aunitz gustatzen zaizkit eta, lehenbiziko eguna denez, indar eta gogo handiz hartzen dugu egun hori. Arras polita izaten da». Hala ere, «gustatzen ez zaidan zerbait bilatzen hasita, afari horretan pasatzen den beroa bururatu zait. Afaria sozietatean izaten da eta egun freskoa tokatuta ere, barnealdea fite berotzen da». Hala ere, «antolatzaileek ahal dutena egiten dute beti, gehiegi berotu ez dadin».
Besta egin ahal izateko dena prestatu behar da lehenbiziko, eta horretaz arduratzen dira damunausi edo danbolin nagusiak. Herriko gazteak aritzen dira lan horretan, eta zuzenki ez bada ere, «laguntzeko prest» egoten da beti Mitxelena. «Aitzinetik eta ondotik egin beharreko lanetan laguntzen saiatzen naiz, eta besta egunetako txandak gazteon artean betetzen ditugu».
Herri ttikien xarma
Azpilkuetan ez ezik, Elizondon ere bestak antolatzen aritzen da, Elizondoko Besta Komisioko kidea baita. Bi herrien arteko neurri desberdintasuna nabaria da, eta bestak prestatzerakoan ere badu bere eragina. «Azpilkuetan urtetik urtera egitaraua antzekoa izaten da, beti daude hartu beharreko erabakiak eta berrikuntzak egon daitezke, baina ez da gehiegi aldatzen». Elizondon, berriz, «eskema orokor bat mantentzen bada ere, ekitaldi gehiago daude eta herritarren partetik eskakizun gehiago izaten ditugu. Denak aditu eta betetzen saiatzeak buruhauste handiak ekartzen dizkigu».
Eta doike, prestakuntzan ez ezik, besta egiteko moduan ere aldea badago herri batetik bertzera. «Azpilkueta herri ttikia denez eta normalean bestak Lesaka eta Iruñekoekin batera izaten direnez, ez da bertze herrietatik jende gehiegi hurbiltzen. Elizondo handiagoa da eta bertze herrietako jendea hurbiltzen da beti. Baztandik kanpo ere fama hartua dute eta horrek jende aunitz erakartzen du».
Herri bakarra aukeratzea «erabaki zaila» badu ere, «uste dut Azpilkuetako bestak nahiago ditudala. Elizondo aukeratzekotan kontzertuengatik hautatuko nuke, baina orokorrean nahiago dut herri ttiki batean sortzen den giroa».
Etorkizunera begira
Momentuan «etorkizun arras hurbilera» ari da begira Mitxelena: «aurtengo uztailean ez dut lanik izanen eta Azpilkuetako eta Elizondoko bestak lasai disfrutatzea da helburua. Uda ondotik ikusiko da non akitzen dudan».
Azkenik, «jendea animatu nahiko nuke Azpilkuetako bestetara hurbiltzera. Aurten uztailaren 4an hasiko dira, Iruñekoak eta Lesakakoak hasi aitzinetik, eta aprobetxatu trago bat hartzera etortzeko!».