Baztango Udalak bat egin du Lekaroz Institutuko klaustroaren salaketarekin

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 1a

Azken osoko bilkuran institutuaren inguruko mozioa onartu zuen udalak, EH Bildu, Zurekin Baztan eta Baztango Independenteen aldeko 11 botorekin, UPNren kontrako boto batekin eta Geroa Bairen abstentzio batekin

Eskualdeko «hezkuntza funtzionamenduan eta bizikidetzan eragin zuzena duen neurri baten aitzinean», Lekaroz BHIko klaustroak Hezkuntza Departamentuaren azken erabakia salatu du, eta Baztango Udalak bat egin du irakasleekin. Adierazi duenez, «hizkuntza normalizazioa, ikasleen arteko integrazioa eta lan baldintza duinak oinarrizko zutabeak dira gure bailarako hezkuntza ereduan, eta neurri honek hirurei egiten die eraso zuzena».

Hori dela eta, udalak erabaki hauek hartu ditu:

  • Babes osoa ematea klaustroari eta hezkuntza komunitateari: «Udal honek bat egiten du Lekaroz BHIko irakasleek, ikasleek eta familiek bizi duten kezkarekin. Eskualdeko errealitate soziolinguistikoa errespetatuko duen hezkuntza zerbitzu baten aldeko aldarria bere egiten du».
  • Integrazioa eta bizikidetza defenditzea: «A ereduko eta D ereduko ikasleen arteko zubiak eraikitzea eta ghettifikazioa ekiditea ezinbertzekoa da Baztanen. Irakasleria modu honetan zatitzeak ikasleen arteko harremana zaildu eta bazterkeria sistematikoa areagotzen duela irizten dugu».
  • Arnasgune linguistikoak babesteko eskatzea: «Lekaroz BHI euskararen normalizaziorako ezinbertzeko arnasgunea da. Ikastetxeko barne dinamikak, koordinazio bilerak eta eskolaz kanpoko harremanak erdalduntzeko arriskua dakarren edozein neurri bertan behera uzteko eskatzen dugu, euskara hutsean bizitzeko eta ikasteko eskubidea bermatuz».
  • Lan baldintza duinak defenditzea: «Hezkuntza kalitatea langileen baldintza lortuei estuki lotuta dago. Lanpostuak zatitu eta prekarizatzeak zerbitzuaren kalitateari eta ikastetxearen egonkortasunari kalte egiten dio».

Hori dela eta, Hezkuntza Departamentuari eskatu dio «bertan behera uzteko ezarritako inposizio hau» eta «ikastetxeko zuzendaritzarekin batera ados dezala plantilla osaketa, eskualdeko behar linguistiko eta sozialei erantzunez eta lanpostuak D ereduko zerrendatik hornituz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun