Elkarretaratzean «Carlos Jimenoren Hezkuntza Departamentuak A ereduko irakasleak inposatzeko hartu duen erabakia» gaitzetsi zuten. «Legeak ez du horretara behartzen eta orain arte ez da horrela egin, baina hala ere, datorren ikasturtean A ereduan soilik emanen luketen bost irakasle erdaldunekin osatu nahi dute Lekaroz BHI institutuko plantilla».
Erabakiak «ikastetxeko jardunean eta ondorioz institutuko ia 500 ikasleen egunerokoan hainbat arazo ekarriko dituela» salatu zuten:
- «A ereduko ikasleen integrazioa oztopatzen du, ghettizazioa emateko arriskua handituz. Orain arte, A eta D ereduen arteko hari nagusia bi ereduetan irakasten zuten irakasleak ziren. Hori nabarmen guttituko da».
- «Ez da D ereduko ikasleen hizkuntza hautua errespetatzen. Baztanen urte aunitzetan D ereduaren alde egin dena hankaz goiti paratuko luke aldaketa honek, izan ere, irakasle hauekin solastatzerakoan, hezkuntza jarduerak gazteleraz egin beharko lituzkete. Hau da, D ereduko ikasleek, berriz, bere hautua izan den euskaraz egitearena urratua ikusiko dute».
- «Langileen prekarietatea sustatzen du. Lanaldi osoko kontratuak zirenak, orain lanaldi partzialetakoak bihurtuko dira, bi zerrenda ezberdinetatik kudeatzeko erabakiagatik».
Hau guztia «erabateko erasoa da gure ikasleen hautatze askatasunaren eta gure izaeraren kontra. Ez gara postal bat, Baztan ez da Nafarroan txertatzen den parke tematiko bat; komunitate bat gara, bizirik dagoen herri bat, eta gisa horretan, gure ezaugarriak ditugu. Eta garrantzitsuena? Gure kultura eta gure izatea euskaldun izatea dela».
Egoera honen aitzinean, «Nafarroako Hezkuntza Departamenturat zuen kexa adieraztera animatzen zaituztegu, zenbat eta guraso eta herritar gehiagok sartu kexa, orduan eta eraginkorragoa izanen da».