66 haurrek eta bi hezitzailek bazkaltzen dute egunero jangelan eta zentroa Lixura Baztan enpresa publikoak kudeatzen badu ere, sukaldea kanpoko enpresa batek eraman du azken urteetan. 2018tik sukaldariak eskolan bertan prestatzen du bazkaria, baina azken ikasturtean pauso bat gehiago eman du udalak, bere gain hartuz jangela eta lehengaien hornikuntza. Bertakoa eta ekologikoan ekoiztutakoa lehenetsi dute, ondorioz, aurten jan dutenaren % 97 baino gehiago elikagai freskoa izan da. Ikasturte akabailan, langile eta familien iritziak jakiteko datu bilketa egin du udalak. Proiektuaren nondik norakoez eta lortutako emaitzez mintzatu da Lorea Lizarreta zinegotzia.
Nondik heldu da proiektua?
Haur eskolako elikadura proiektua Baztango Udalak duen elikadura estrategiaren barnean dago. Izan ere, baliabide ugari ditugu: herri lurrak, hiltegi publikoa… eta horietako lan lerro bat erosketa publikoena da. Bere garaian, Arras Baztan hasi zenean, udalak konpromiso batzuk hartu zituen, eta horien artean agroekologiaren aldeko apustua egin zuen. Agintaldi honetan pauso bat gehiago eman dugu, udalaren kudeaketakoak diren jantokietan irizpide hauek txertatzen: ahalik eta hurbileneko elikagaiak izatea, aukera dagoen kasuetan ekologikoa lehenestea, eta bertako ekoizleei zuzenean erosi ezin diegunean, bertako merkatari ttikiengana jotzea. 2023an zahar etxean hasi ginen, eta aurtengo ikasturtean haur eskolarekin. Eskola Lixura enpresa publikoak kudeatzen badu ere, sukaldea catering enpresa bati azpikontratatua zegoen, hortaz, sukaldeko langilea subrogatzea erabaki genuen, sukaldea zuzenean guk kudeatzeko eta nahi genuen jantoki eredua martxan paratzeko.
Zertan oinarritu duzue elikadura plana?
Iruñeko Udalak sortutako Hemengoak proiektuan, hango udal haur eskoletan martxan duena. Hitzarmena sinatu genuen Iruñeko Udalarekin eta haien menuak, fitxa teknikoak, errezetak… pasatu zizkiguten. Hango nutrizionistak menuak moldatuak zituen 0-3 urteko haurrendako eta guk Baztangora pixka bat egokitu genituen eta abuztuan hasi ginen menu berriekin.
Helburuetako bat da haurren elikadura zaintzea, ez?
Bai. Nafarroako datuen arabera 18 urtetik beheitiko % 15,6ak badu gehiegizko pisua, eta horietatik % 7,7ak obesitatea. Datu hauek Nafarroako iparraldean eta, zehazki Baztanen, indize altuagoa dute. Osasun etxetik ere dagoeneko arazo honetaz ohartarazi dituzte udala eta ikastetxeak. Hortaz, udal gisa ardura hartu dugu herritarrei elikadura osasuntsua eskaintzeko.
«Horrelako proiektu batek funtzionatzeko, arras inportantea da ulertzea zergatik egiten dugun»
Horretarako sentsibilizazio saioak egin dituzue…
Horrelako proiektu batek funtzionatu ahal izateko, arras inportantea da ulertzea zergatik egiten ari garen hau, bai eskolako hezitzaileek, bai familiek eta baita sukaldariak berak ere. Jangelakoa eguneko otordu guzietatik bakarra da, eta idealena izanen litzateke eskolan egiten denak etxean ere koherentzia bat izatea. Dokumental emanaldiak eta solasaldiak egin ditugu eta horrek lagundu du proiektua begi onez ikus dezaten, balorazio txostenean ikusi ahal izan dugun bezala: familien % 28,6ak barazki gehiago jaten ditu orain etxean.
Haurren elikadura ohituren garrantzia ere nabarmendu duzue.
Adituek diote haurraren lehenbiziko hiru urteetan irekitzen zaiola dastamena, eta gero, adin batean, hesten dela. Hortaz, lehenbiziko hiru urteetan geroz eta gauza diferente gehiago probatu, geroz eta jale hobeak izanen dira.
Elikaduraz gain, jasangarritasuna da bertze helburua, ez?
Bai, etxalde ttikien eta lurrari lotutako nekazarien aldeko apustu interesgarria dela uste dut, haien eredua baloratzeko eta haien lana bideragarria izan dadin tresnak paratzeko. Menua idaztean ekoizleekin, dendekin eta profesionalekin hasi ginen ikusten zein produktu genituen eskuragarri eskualdean, eta akordioak sinatu genituen ekoizleekin. Lehentasuna eman diegu ttikiei eta salmenta zuzena egiten dutenei, Baztanen horrelakoak behar ditugulakoz.
«Lehentasuna eman diegu ekoizle ttikiei eta salmenta zuzena egiten dutenei»
Zenbat ekoizlerekin egiten duzue lan?
Bortz ekoizle dira: Anizko esnekiak, Arizkungo arroltzeak, Gartzaingo ogia, Arantzako oilaskoak eta Oronoz-Mugairiko barazkiak. Oronozko kasuan bezala, proiektu hau bulkada bat izan da ekoizle batzuk profesionalki instalatu ahal izateko. Izan ere, urte guzirako bermatua dute erosle bat. Gainera, akordioetan kopurua eta prezioa adostu genuen, eta astero zenbat kilo produktu izanen diren jakiteak planifikatzeko gaitasuna ematen die, lana erraztuz.
Jangelako erabiltzaileak kontent agertu dira?
Bai, hezitzaileen bidez badakigu nola izaten den bazkaltzeko momentu hori eta, oro har, arras balorazio ona egin dute. Ikasturte hasmentatik akabailerara eboluzio ona izan dute: adibidez, lehen ez zuten entsaladarik jaten, eta probatu-utzi-probatu, azkenean aldaketak eman dira hobera. Ogiarekin berdin, hasmentan ez omen zitzaien ogi integrala gustatzen, eta orain hezitzaileak harrituak daude zeinen gustura jaten duten. Gurasoek ere arras positiboki baloratu dute bertako produktu ekologikoak erabiltzea.
Eta zuek zein balorazio egin duzue?
Arras positiboa. Egia da horrelako proiektu batek kanpotik erraza dirudiela, baina kristoren lana du gibeletik. Alde batetik zerbitzua publifikatu dugu, eta bertzetik inbertsioak egin ditugu sukaldean, lehen izoztutako janariak erabiltzen zirenez gehien, orain produktu freskoendako bertze hozkailu bat erosi dugulakoz. Sukaldariari ere lanaldia handitu diogu, produktu freskoekin aritzeak lan gehiago eskatzen duelakoz. Emaitzarekin kontent gaude eta heldu den ikasturtean proiektua finkatzeko eta segida emateko asmoa dugu. Baztanen gainerako jantokiak ez dira udalarenak, guraso elkarteenak edo Hezkuntza Departamentuarenak baizik, baina Cederna Garalurren dirulaguntza baten bidez, aukera emanen diegu interesa dutenei hausnarketa hau egiteko eta bidean laguntzeko.
Zerbait gehitu nahi duzu?
Udalen arteko elkarlanaren inportantzia nabarmendu; kasu honetan alderdi bereko bi udalen artean izan da, baina ez du zertan. Esker mila Iruñeko haur eskolei haien proiektua pasatzeagatik, eta hemen egin den lana ere eskuragarri gelditzen da bertze edozein zentrotan eman nahi dituzten aldaketendako.
Proiektua pilotuaren balorazioa egin du udalak, hainbat datu eta iritzi bilduz. Egin klik irudian kalitate osoan ikusteko:

