«Astero zer eta zenbat beharko duten jakiteak aunitz errazten dit lana»

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 13a

Ruth Peña, Oronozko ekoizlea. Argazkia: Iñaki Atxa / Irudi.

Ruth PEÑA TENA, baratzezaina.

Duela 17 urte hasi zen baratzean lanean Ruth Peña. Kontatu duenez, «betitik izan da nire pasioa eta nire kabuz hasi nintzen ikasten baratzea nola landu, horri buruz irakurtzen eta herriko jendearen laguntzarekin, adinekoak batez ere. Haiei esker orain Oronozko eta Baztango barietate aunitz mantentzen ditut».

Baratzea handitzea

Hasmentan «saskiak egiten nituen eta ortzegunero postua paratzen nuen Elizondoko merkatuan», baina duela bi urte «egitura aldatzea» erabaki zuen, produktuak establezimenduei eta erakundeei saltzen hasteko, horien artean haur eskolari. «Horretarako, lan eremu ttikia nuenez, lur gehiago behar nituen, eta joan den urtean lur komunalen luberri bat libre gelditu zen Oronozen, nire etxe parean. Baztango Udalak baratzegintza profesionalera bideratu nahi zuen lurra, aurkeztu egin nintzen eta lortu nuen».

Orduan hasi zen lanean 4.000 metro karratuko baratzearekin, eta «aurten negutegi handi bat ere muntatu dut». Bertan «denetik» ekoizten du: «tomatea, piperra, kalabaza eta kalabazina, artoa, banabarrak, lekak, luffa izeneko esponja naturalak, azenarioa, erremolatxa, arbia…». 

Ekoiztutakoaren zati bat haur eskolari saltzen dio, «gehienbat tipula, patata, lekak, kalabaza eta kalabazina». Sasoiko produktuek erabakitzen dute eskolako menua; «urtaroaren arabera aldatzen da eta orain, adibidez, letxuga aunitz eramaten diet. Hori arras ongi dago, lehenagotik erraten ahal didatelako astero zer eta zenbat beharko duten, eta lana errazten dit».

Kontzientziaz kontsumitu

«Bertako produktuak eta elikagai ekologikoak» kontsumitzearen garrantzia azpimarratu du: «denok behar dugu elikadura on bat, eta haurrek oraindik gehiago». Gainera, «bertako ekonomiari laguntzen dio. Geroz eta inportantzia handiagoa ematen diogu hemen ekoizten dena hemen kontsumitzeari, eta kontzientziazio hori beharrezkoa da, aukera ematen baitie ekoizle gehiagori hasteko». 

Izan ere, «momentuan eskualdean baratzegintzan aritzen garenak arras gutti gara, eta gehiago behar dira. Guk ezin dugu lehiatu komertzio handiekin, baina argi izan behar dugu zerbait arras-arras merke erosten dugularik, gibeletik zerbait gertatzen dela». Argi mintzatu da: «Gauzak nondik heldu diren pentsatu behar dugu, eta kontzientziarekin kontsumitu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun