Ttipi Txartela

«Txokolatea hazitik egiten duen ekoizle bakarrenetakoak gara»

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 12a

Neguko denboraldia pasata, udako produktuei begira ari dira orain Iruritako Arkupe gozotegian, Mattin Aiestaranek azaldu bezala: «izozkiak egiten hasi gara, baina aldi berean gainerako produktuak egiten segitzen dugu».

Horrez gain, «pandemiarekin alde batera utzi genuen ekimena abiatu dugu berriz aurten: bisita gidatuak txokolategian. Hala ere, udan gehiegi berotzen denez, irailera arte geldituko dugu». Hilabetean «bisita bana egiten saiatzen gara, bat euskaraz eta bertzea gaztelaniaz. Batez ere bertako jendeari bideratutako bisitak dira, txokolatearen elaborazioa nola egiten dugun erakusteko».

Izan ere, «Arkupen kakao haziarekin prozesua osorik egiten dugu: bereizi eta garbitu, txigortu, azala kendu, xehatu, azukrearekin nahasi, errotatik pasa… Baztanen bakarrak gara horrela lanean, eta Hego Euskal Herrian hiru gara. Are gehiago, espainiar estatu mailan erran dezakegu bakarrak garela guk geuk hazitik eginiko txokolatearekin bonboiak, pastak, tartak, eta gozotegi bateko produktu guztiak egiten. Handikeria dirudi, baina horrela da eta bertako jendeak hori jakitea nahi genuke».

Noski, txokolatea hazitik egiteak lan handia du, «eta hori ikustean bisitariak harrituak gelditzen dira. Dastaketak ere aunitz laguntzen du ekoizpen prozesua ulertzen: hazitik produktua nola eraldatzen den dastatu daiteke, baita ekoizpenean hartutako erabaki ttikiek zaporea nola aldatzen duten, eta ekoizpena akitzean produktu finala ere. Jendea gustura gelditzen da eta hori da guretako saria».

Bisiten kartelak Iruritako eta Elizondoko dendetan zein sare sozialetan hedatzen dituzte, «eta 15 lagunetara ailegatzean taldea osatutzat ematen dugu, lantegia ez baita hain handia. Jende gehiago badago, bigarren talde bat ere atera izan dugu. Jendea animatu nahiko nuke parte hartzera eta egiten dugun lana ikustera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun